Herriko Etxeak bultzatuta, euskal kantu eta dantzak ikasteko aukera izango da hilean zehar Hendaian. Duela lau urte hasi zen Herriko Etxea “euskal kultura eta ondarea beste molde batez ezagutarazteko” ekimenak egiten, eta horren harira, eta udaberriko oporraldia baliatuz, egingo dituzte tailerrak, Hendaia Turismok antolatzen duen Haurren Astearen karietara. Tailerren helburua da Hendaian euskal kulturari lotutako ekimenak egiten direnean ahalik eta jende gehienak parte hartzea. Doan dira ikastaro horiek, eta begiraleen laguntza izango dute parte hartzaileek. Honakoak dira:
- Hilaren 22 eta 23an, euskal kantu tailerra, 18:00etatik 19:30era Varietes antzokian.
- Hilaren 29 eta 30ean, euskal dantza tailerra, 18:00etatik 19:30era Mendi Zolanen.
Familientzako ikastaroak dira, helduentzako eta haurrentzako (8 urtetik gorakoentzat; 8-13 adin tarteko haurrak derrigor heldu batekin joan behar dira; 14 urtetik gorakoek gurasoen baimen izenpetua behar dute). Horietan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago, baina tokiek muga dute. Hala, horietan parte hartzeko, 05 59 20 00 34 (Turismo Bulegoa) edo 05 59 48 30 49 (Mendi Zolan kulturgunea) telefono zenbakietara dei daiteke. Ikastaroen lehen egunean ere eman daiteke izena.
Euskal kantu tailerra Elsa Spizzichinok (Hendaiako Herriko Etxeko Euskara teknikaria eta kantaria) eta Eric Ruizek (gitarra jotzailea) emango dute. Dantzakoa, berriz, Isabelle Larraldek (Donibane Lohizuneko Anai Gazteak elkartearen dantza animatzailea).