Santi Angulo: "Lezo benetan garbia"
Nonbait norbaitek zera esan zuen: “Lurra ez da gure gurasoen herentzia, gure seme-alaben mailegua baizik”. Horrenbestez, maileguan utzi diguten ondarea egoera onean itzuli beharko dugu. Oso zaila zaigu, ostera, filosofia hau mendebaldeko jendarte indibidualista honetan bizi garen pertsonoi buruan sartzea. Kontsumismoan (eta ez ongizatean) oinarritzen den jendarte honek Natura jabego pribatutzat dauka eta harekin nahi duena egin dezakeela pentsatzen du. Lurrari bere milioika urtetako bizitza osoan baino kalte gehiago egin diogu azken ehun urteetan.
Aurrerapen faltsu honetan gure Ama Lurra oso gaizki tratatu dute lehen eta tratatzen ari gara orain. Egun, kontsumo mugaezinak hondakinez bete digu gure bizilekua eta laster itoko gaitu, ez badugu egoera erabat iraultzen. Jendartean Ingurumenarekiko oso jarrera ezberdinak ditugu, alfer erosoarenetik hasita kontzientzia duenareneraino, “nik ordaintzen dut, beraz, nire zikinkeria eta hondakin guztiak beste batek garbi ditzala” esaten duenaren jarreratik ahalik eta kalte gutxien sortzen saiatzen den pertsonaren jarreraraino. Hauetatik zein erakutsi behar dugu gure eskoletan? Ama Lurrari tratu txarrak ematen dizkion pertsonaren jarrera ala Ama Lurra zaintzen duenarena? Zer gertatuko litzateke ikasleren batek esango baligu bere gurasoek eskola ordaintzen dutela eta berak ez duela sortzen dituen hondakinez zertan arduratu? Jarrera guztiak zilegiak badira, zer eredu eman beharko diegu gure ikasleei?
Laster Lezon, eta gure eskolan ere, Ama Lurra hobeto zaintzeko bideari helduko diogu. Maiz entzun izan dugu pertsona garbiena ez dela gehiagotan garbitzen duena, gutxiago zikintzen duena baizik. Kasu honetan, etxean egiten duguna herrian ere praktika daiteke, ez dela erraza izango jakin arren. Zerbait egin behar da, ezin dugu orain arte bezala gelditu eta dagoeneko, zoritxarrez, edozein adabakik ez du balio. Pauso ausarta dela iruditzen zait, gure ondorengoei Lezo benetan garbia uzteko bidean.