Real Unionek huts egiteko aukerak agortu ditu
Larunbatean Real Unionek berdinketa lortu zuen Amorebietaren etxean (2-2) eta, horixe bera, emaitza da Bizkaira egindako bidaiatik txuribeltzek ezabatu nahiko luketeena. Unionek partida ona jokatu zuten eta irabazteko zorian egon zen, baina partidaren hondarrean etxeko taldeak berdinketa lortu zueneta zortzi puntuko tartea zabaldu da irundarren eta laugarren postuaren artean.
Amorebieta aurreratu zen markagailuan (Alaña, 14. minutuan), baina hamar minutu beranduago Juanek oreka ezarri zuen eta atsedenaldia baino lehen Andriuk bigarrena sartu zuen irundarrentzat.
Bigarren zatian baloia kontrolpean edukitzen saiatu zen taldea eta ia amaierara arte markagailuan aurretik joan ziren. Baina 81. minutuan Aldalurrek Amorebietaren bigarren gola sartu zuen eta irundarrek puntu bakarrarekin itzuli ziren etxera.
Bigarren Maila igotzeko kanporaketa jokatzeko aukera ematen duen azken postua, laugarrena, urruti dago: zortzi puntura, hemezortzi geratzen direnean. Zail dago, batetik, puntu asko direlako, eta bestetik, talde askok huts egin beharko luketeelako. Izan ere, laugarren tokian dagoen Lleidaz gain —Alaves, Athletic B eta Eibar ia sailkatuta daude—, Barakaldok, Amorebietak eta Tudelanok, horiek guztiek huts egin beharko, eta bi talde bizkaitarrek seina puntu ateratzen dizkiote Real Unioni.
Hortaz, bestek zer egiten duten ikusi gabe, geratzen diren partidetan ahalik eta puntu gehien pilatzea baino ez zaie geratzen irundarrei, ahal den guztietan hirunaka. Gauzak horrela, datorren asteburuan Lleidaren kontra irabaztea ezinbestekoa da. Larunbatean izango da partida, 17:30ean Stadium Galem.