Irungo Udaleko eta Tadamuneko kideak, gaurko agerraldian
Irungo Udalak, Euskal Fondoko Sahararekiko Koordinazio Unitatearekin lankidetzan, Oporrak Bakean egitasmoa abian jarri du. 2000. urtetik darama udalak egitasmo horretan parte hartzen. Horren helburu nagusia da Aljeriako Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetatik datozen 7-12 adin tarteko haurrek udako bi hilabete Euskal Herrian pasatzea, “errefuxiatuen kanpamenduetako bizi baldintza gogorretatik urrun”. Horren harira, larunbaterako sentsibilizazio jardunaldia antolatu dute Zabaltza plazan. Beheko koadroan dago egitaraua.
Oporrak Bakean programaren barruan Saharako haurrek “eskola liburuetan soilik ikusi dutena ikusteko aukera” ematea dela zehaztu dute gaurko agerraldian udaleko nahiz Tadamun elkarteko kideek. Txingudiko Sahararren Lagunen Elkartea da Tadamun. Hala, bertako kide Miren Olaskoagaren arabera, bertara etorriko diren haurrek “mota guztietako gabeziak” dituzte, tartean elikadurarekin eta osasunaren gainekoak, eta Euskal Herrian egoteak “kanpamenduetako bizitza ez den beste bat” ezagutzeko aukera ematen die. Hala, harrera familiak behar dira haurrei bi hilabetetez harrera egiteko, eta hori egin nahi dutenentzako kontaktu telefonoak honakoak dira: 666 50 13 50 (Tadamun elkartea) eta 943 50 53 68 (Irungo Udaleko Lankidetza arloa).
Larunbateko sentsibilizazio jardunaldia (Zabaltza plazan)
- 17:00etan, txalaparta tailerra.
- 17:30ean, dantza emanaldia Toxic dantza eskola, Gimnasia Erritmikoko Irungo elkartearen, eta 84 Dantza Estudioaren eskutik.
- 18:15ean, magia saioa Iniciativa Magos taldearekin.
- 19:00etan, Planta Baja taldearen kontzertua.