Oiartzungo taxibusaren ordutegian aldaketak egin dituzte
Udalak jakinarazi duenez, Ergoien, Gurutze, Karrika eta Legarre herrigunearekin lotzen dituen taxibus zerbitzuak ordutegi berria du gaurtik.
“Xorrola heltzen ez den auzoetako erabiltzaileek egindako eskaerak aztertu ondoren” egin ditu udalak aldaketak. Aldaketa horiek taxistekin adostu ditu, “zerbitzua hobetzeko eta erabiltzaileen beharretara gehiago egokitzeko asmoz”.
Hala, taxibus zerbitzua goizago hasiko da martxan gaurtik aurrera: lehenengo bidaia 07:00etan abiatuko da plazatik. Horrez gain, 10:00etan beste bidaia bat jarriko dute: “Izan ere, ordutegi honetan taxibus zerbitzua jartzeko eskaera izan da bereziki erabiltzaileek egin dutena”. Azkeneko bidaia, 21:30ekoa, berriz, kendu egin dute, “zituen erabiltzaile kopuru ttikia kontuan hartuta”.
Ahalegin berezia 2014an
Datorren urtearen begira, taxibusarekin ahalegin berezia egin nahi udalak: “Izan ere, orain arte egin diren doikuntzak 2013ko aurrekontuak itxita daudela egin direnez, udala kontziente da hobekuntza handiagoa egin daitekeela”.
Horretarako, bai taxibusean bertan eta auzoetako zenbait puntutan (Ergoiengo Tolare jatetxean, adibidez) 2014ari begira ordutegi proposamenak jasoko dituzte. Behin proposamenak jasota, “urte bukaeran Gurutzen, Ergoienen eta Karrikan udal aurrekontuak lantzeko batzarretan gai hau ere landuko da”.