Laugarren partida jarraian irabazi eta bederatzigarren jarri da La Bacaladera
Eskubaloiko Euskal Ligan jokatzen duen La Bacaladera Hondarribia taldeak postu bat irabazi du sailkapenean, larunbatean azken aurrekoaren kontra erraz irabazi eta gero (35-27). Hondarribiarrek azken lau partidak irabazi dituzte eta multzoan gora egin dute nabarmen, bederatzigarren posturaino, eta zazpigarrenetik bi puntura. Bi jardunaldi falta dira liga bukatzeko eta, denboraldiko lehen zatian sufritu eta gero, sailkapenaren erdialdean amaitu dezake urtea La Bacaladerak.
Erdipurdiko lehen itzuli baten ostean, bigarreneko lehen lau partidak galdu zituen Hondarribiko taldeak, hori bai, horietako hiru sailkapeneko lehen lau postuetan dauden taldeen kontra.
Baina otsailaren bederatzian Arrasate liderraren kontra galdu zutenetik, La Bacaladerak ez daki zer den punturik ez lortzea. Jokatutako azken sei partidetatik bat berdindu eta beste bost irabazi ditu.
Bolada ona hasi aurretik Hondarribiko taldea sailkapeneko azken hirugarren zen, eta ez zituen urruti jaitsierako postuak. Baina hilabete eta erdi bikainaren ondoren, bost talde dituzte azpitik eta beste bat izan dezakete, jokatzeko falta zaien partida irabaziz gero —Corazonistasen kontrako partida, 19. jardunaldikoa, atzeratu zuten—.
Berdintasun handia
Gainera, jaitsierako postuekiko hamazazpi puntuko aldea ireki dute eta, bistan denez, taldeko helburua liga ahalik eta postu gorenean bukatzea izango da. Bi jardunaldi geratzen dira liga amaitzeko, baina La Bacaladerak beste bat du jokatzeko. Zazpigarren postutik hamabigarrenera lau puntu besterik ez daude eta edozer pasa daiteke.
Datorren asteburuan sailkapenean koska bat gehiago igotzeko aukera izango dute hondarribiarrek, Soraluzeren kontra jokatuko baitute, Hondartza kiroldegian. Etxekoek irabaziz gero, zazpigarren postuan berdinduko lukete bi taldeek. Larunbatean izango da partida, 18:00etan.