Joseba Barriola: "San Marcos: Zer da? Zer ezkutatzen du?"
San Marcos izenak, gaur egun, hiru erreferentzia nagusi dakarzkigu gogora: Gotorleku Militar Espainiarra, Zabortegia eta San Marcos opila eta erromeria. Gerra, Lurraren suntsiketa eta Maitasunaren eta Festaren oparia.
Gotorlekua hor dirau sendo eta presente, bere harri eta kanoiekin. Gotorlekua turismoa sustatzeko erabiltzen da azken udalen erabakiz. Txukundu da, jatetxea jarri, kanoiak ikusgarri, pasadizoak. Oi ze polita dagoen! Turismo-espektakulua. Zeren espektakulu? Espainiako armadaren hazañak? Soldaduen diziplina eta sumisioa? Gotorlekuko harriak ixilik daude eta inork ez die hitzeginarazten. Ohar kritikoren bat? Edota armadaren bortxakeriaren apologia ixila? Noren kontra jarri ziren kanoiak, noren alde eraiki zen Gotorlekua? Nork daki inguruko baserritako jendearen beldurrak eta kanoikaden ziztuarekin bizitako izuak? Zer egin zen Gotorleku horretatik 36ko gerran? Eta zer oraingo eraikuntza militarra baino lehenagokoan?…
Zabortegia, Lurrarekiko herriak izan duen ezjakintasunaren eta axolagabekeriaren sinboloa. Lur puska hori berriro bizigarri egiteko urte luzetan pagatu beharreko zorra. Zer egin dugu, eta zer egiten dugu gure herriko Lurrarekin? Han daude Ulmako pabilioi batzuk, ez dakit hutsik dauden edo ez. Ezin da han egin Lurraren Hondamendien Museo bat, denok berrikasteko Lurra garela, Lurretik sortzen garela eta Lurra zaindu behar dugula? Eta, ondorioz, zaborra arduragabe sortzearen filosofia hankaz gora jarri? Ez al da “zero zabor”, izan dugun desastrearen oroimenik ederrena?
San Marcos opila ez da Gotorlekutik edota Zabortegitik sorturiko ohitura. Lehenagoa dela uste dut. Bailara osoko eta zabalagoa, Altzatik Iruinerainoko ohitura. Eta inguru guzti horretako erromeria. Noiztik? Ermita bat egon al zen? Eskatu al zion bertako apezak Loiolako Ignaziori ermita eramateko jesuita bat? Zer da opariaren festa horren atzean, erromeria horren atzean ezkutatzen den eta memorian galdua dugun adeitasunezko eta festazko harremanen gizartea?
Zeren San Marcos gotorlekuak ezkutatzen duen lehen gauza da mendiaren beraren izena: Bizarain. Eta izenarekin, herriko izana. Nork daki, nor arduratzen da, non ematen da ezagutzera, nork zaintzen du Bizaraingo lurra-geologia, Bizaraingo landareak eta animaliak, nork estimatzen du Bizarain inguruan lana eginez mendetan geure herriari lurretik sorturiko janaria eskaini dion baserritar mundua? Nork dakizki baserrien izenak? Nork daki zerbait baserri horien bilakaeraz? Non daude baserritar horien memoriak jasoak?
Are gehiago, eta agian larriago. Bizarain eta Txoritokieta (hemen ere beste gotorleku bat, zeharo abandonatua) tartean badago lur laua, gure herriko memoriaren altxorra gordetzen duena. Zelai zabal zoragarri batean dugu Berrozpin I-II-III kromletxak, Aitzetako Txabala dolmen ederra, eta aurrerago Txoritokietako Harri megalitikoa. Hau bai leku abandonatua! Han daude atsedenerako mahaiak eroriak, oholtzarik gabe, hondakinetan. Nonahi aurkituko duzu, letra handiz idatzita, fletxa eta guzti: San Marko Gotorlekua/ Fuerte de San Marcos. Vistas/Ikusmirak. Jatetxe/Restaurante. Jolas lekua/Juegos para niños… bide-seinaleak, bidaiariak hara erakartzeko jarriak. Kostata aurkituko duzu seinale xume bat monumentu neolitikoen lekurantz seinalatuz. Justo monumentu horien mapa behar lukeen lekuan zer aurkituko? Eta panel bat…. txuriz, ezer gabe. Baina gure herriaren erromesaldia Aitzbitarteko kobazuloan hasi zen, Aitzetako Txabalan pausatu zen bizitzari eutsiz, eta gero handik errekak jarraituz eta eguraldi aldaketaren eta orduko aurrerapen teknologiko ez erasokorren laguntzaz itsasoaren bazterreraino. Eta gero, Orereta izena ahaztuz lur pribatizatuen hastapenetan errentak kobratzeko Renteria hiriaren hastapena. Nola liteke gerraren apologia inozoa eta funtsgabea elikatzea? Nola horren izenean eta horren azpian, geure erroak gure biziraupenaren historiaren hariaren katebegi funtsezkoenak abandonatuak, ia lurperatuak uztea?