Txingudiko Zerbitzuak-ek autokonpostajea areagotzeko kanpainari ekin dio
“Eskualdean birziklatzea areagotzeko asmoz”, Txingudiko Zerbitzuak mankomunitateak autokonpostajea egiten duten familien kopurua handitzeko kanpaina egingo du Hondarribian eta Irunen, Zeuk aukeratu leloarekin. Egun, bi herrien artean 700 familia dira etxeko konposta egiten dutenak, eta zifra hori handitu nahi dute, batez ere baratzea edo lorategia duten familien etxeetan.
Kanpainaren abiapuntu bezala informazio eskuorria banatuko dute Irunen eta Hondarribian baratzea edo lorategia duten etxeetan. Gainera, informazio osagarria izateko, telefono zenbaki bat ere prestatu dute, 902 11 93 84. Hartara, hara deituta prestakuntza tailerretan izena emateko aukera izango dute hala nahi dutenek. Etxeko konposta egitera animatzen direnek beharrezkoa izango duten material guztia jasoko dute Txingudiko Zerbitzuak-etik.