
Iaz zilarra lortu zuen hondarribiarrak
Lidia Yarza hondarribiar judokak bihar Villaviciosa de Odon herrian (Madril) egingo den 21 urtez azpikoen Espainiako Txapelketan izango da. Ama Guadalupekoa klubeko ordezkaria kadeteen azken urtean dago, baina aspaldi hasi zen bera baino nagusiagoak direnekin borrokatzen eta Espainiako nagusien selekzioarekin entrenatu izan da.
Estatuko txapelketetan urrezko dominak lortu izan ditu kadete mailako bi urteetan eta haurren mailakoetan ere, bietan. Iaz, kadeteen lehen urtean, kadeteetan nagusi eta gazte mailan azpi txapelduna izan zen eta aurten ere Madrilen dominen lehian sartuta beharko luke, sasoi onean dagoelako.
Fuengirolan brontzea
Martxoaren 23an 18 urtez azpikoen Fuengirolako (Malaga, Andaluzia, Espainia) Nazioarteko Txapelketan aritu zen Yarza eta brontzezko domina lortu zuen. Espainiako estatuko eta Kazakhstaneko judoka kadeteak aritu ziren bertan. Finalerdietarako bidean Asiako hirugarrena menderatu zuen hondarribiarrak eta osta-osta ez zen finalerako sailkatu, finalerdia bukatzeko 15 segundo falta zirela aurretik baitzihoan. Brontzea lortzeko borrokan erraz nagusitu zen Yarza
Ama Guadalupekoa klubeko beste hiru kirolarik parte hartu zuen Fuengirolako Nazioarteko Txapelketan. Amets Sarasuak (-70 kilo) lehiaketa ona egin zuen eta bosgarren geratu zen. Biak ala biak, Yarza eta Sarasua, hainbat egunez geratu ziren Fuengirolan, Espainiako selekzioarekin entrenatzen.
Mutiletan Iker Otegik (-66 kilo) ez zuen egun ona izan eta ez zen finalerdietara iritsi, borroka bat irabazi eta bi galduta. Oier Goikoetxeak (-50 kilo) lehen lehia ondo hasi baina azkenean galdu zuen. Bigarren borrokan huts egin zuen eta ezin izan zuen jarraitu.