Iosu Arruabarrena: "Krisi ekonomikoa"
Azken hilabeteetan behin eta berriro entzun dugu krisi ekonomiko batean murgilduta gaudela. Goizetan, ulergaitzak diren datu ekonomikoekin gosaltzen dugu. Arrisku sariari buruz hitz egiten digute, ekonomia suspertze aldera Alemaniatik agindutako hainbat neurriren berri ematen digute, eta krisiari aurre egiteko guztion esfortzua beharrezkoa dela errepikatu behin eta berriro.
Gaur, baina, ez natorkizue egungo egoera ekonomikoaren inguruko azterketa bat egitera, ez bainaiz aditua. Egoera hau jendartean eragiten ari den kalteaz eta dramaz hitz egin nahi dut. Komunikabideek ematen dituzten datu horien guztien atzean pertsonak baitaude; beraien bizitza aurrera eraman ahal izateko lan baldintza negargarriak eta prekarietatea onartu behar dituzten pertsonak.
Etxe kaleratzeen eta lehentasunezko akzioen kasuen gaineko solasaldi bat ikusi nuen duela gutxi telebistan. Ikusleen artean, lehentasunezko akzioengatik kaltetutako emakume bat zegoen. Kontatu zuen bankura joan zela, eta bere konfiantzazkoa zen langileak aholkatuta hainbat paper sinatu zituela; denbora batera, dirua ateratzera joan zenean, izan zuen iruzurraren berri. Hizlarietako batek errua emakumeari egotzi zion, sinatzen zuena zer zen ongi ez jakiteagatik. Ildo beretik, egungo krisiaren arduraren zati handi bat herritarrok genuela zioen beste batek, azken urteetan gure baliabideen gainetik bizi izan garelako.
Kezka eta haserrea eragin zidaten arrazoiketa horiek. Lotsagabekeria bat iruditzen zait banketxeei errua kendu eta pertsona bati esatea egin dioten iruzurraren erantzulea bera dela. Zerbait erosten dugunean dendariak azaltzen digu nolako produktua den, eta zein ezaugarri dituen. Horrela izan beharko luke banketxeen kasuan ere, are eta gehiago kontuan hartuta pertsonen bizitzarekin jolasean ari direla. Maltzurkeriaz jokatzen dute eta oso ongi dakite herritarrei iruzurra egiten ari direla.
Demagogia hutsa iruditzen zait, halaber, herritarrek azken urteetan izandako bizitza erritmoagatik egungo egoeraren erantzule zuzenak garela esatea. Izan daiteke gure esku zegoena baino gehiago xahutu dugula, baina horrek ez du inola ere ez justifikatzen egun bizi dugun egoera.
Zergatik gara jendartearen gehiengoa gero eta txiroago, eta gutxi batzuk gero eta aberatsago? Gure errua al da hori ere, edo legez babestutako lapur handi batzuena? Ez da krisi ekonomikoa egun bizi dugun egoeraren erantzulea, kapitalari begirako sistema ustela baizik; guztion diruarekin banketxeak erreskatatu eta familiak etxetik botatzen dituena.