Bidasoko hotelen okupazioa hamar puntu igo da Aste Santuan
Hondarribiko hotelen okupazioa %78koa izan da, eta Irungoena %76koa
Aste Santuan inoizko turista kopururik handiena jaso dute Bidasoan. Bidasoa Bizirik-ek bi datu nabarmendu ditu hori esateko. Batetik, hotelen okupazioa iaz baino hamar puntu gehiagokoa izan da, %78koa Hondarribian eta %76koa Irunen. Horrez gain, bi udalerrietako turismo bulegoek 2.600 pertsona baino gehiagori eman diete zerbitzua. Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirik-en presidentearen arabera, turisten gorakada “Hondarribiko eta Irungo turismo alorreko enpresa ehunarentzat garrantzitsua” izan da, eta “erakundeen eta enpresa pribatuen ahaleginaren emaitza” izan dela ziurtatu du.
Martxoaren 27ko gauetik hasi eta 31ko gauera arte Hondarribian izan diren turistek 2,44 egun pasatu dituzte bertan, eta Irunen, berriz, 2,14. Horietatik gehienak (%77) Espainiako Estatutik etorritakoak izan dira.