Ander Lizarralde: "Inertziak"
Aurreko batean, ariketa bat proposatu zidaten egiteko. Galdetu zidaten, ea zer egingo ote nukeen, gaur baldin balitz nire bizitzako azken eguna. Lehenengo eta behin, gehien maite ditudanekin gogoratu nintzen, bizitzan esan gabe utzi dizkiedan guztiak esatera ausartuko nintzateke. Nire baitan urteetan gelditu zaizkidan korapiloak askatzeko gogoa eta indarra eman zidan galdera horrek. Izan ere, heriotzaren aurrean nengoela imajinatzeak, egundoko indarra eman zidan, egunero beldurtzen ninduten beldur txikiek, jadanik ez baininduten beraien menpe.
Baten batek pentsatuko du ezin dugula egunero-egunero pentsatu gaur izango dela gure bizitzaren azken eguna. Neronek ere, horixe bera pentsatu nuen, baina, ondoren konturatu nintzen, nire bizitzako egun bakoitza, merezia daukadan zerbait balitz bezala bizi nuela nire baitan. Baina beste pentsamendu bat eginez gero, nire baitako emozioa aldatzen zen, alegia, pentsatzea egun bakoitza bizitzak eta heriotzak ematen didaten oparia dela (eta hala da). Horrela, bizitzarekiko nire eskerra aldatu egiten zen eta aurretik ekartzen ditudan inertziak puskatzea errazagoa egiten zitzaidan.
Indar horrek guztiak gauza berriak egiteko ausardia ematen dit. Gaur artean beldurtzen ninduten jokaerek, transzendentzia galdu dute. Nire beldurrei aurre egiten hasi naizenean, ohartu naiz, bizitza askoz ederragoa eta koloretsuagoa dela. Gure muskuluak ere, erabili ezean, ahuldu eta atrofiatu baino ez dira egiten. Gure bizitzan, mugimendu ezak ere, horrelako zerbait ekartzen digu. Zenbat eta gutxiago mugitu, zenbat eta gehiago gure beldurrei men egin, orduan eta zimelduago egongo gara. Anari abeslariak badauka abesti bat, non esaten duen Bide berriak beti urrunago eraman gaitu…
Batek esan zidan, bera, ez zela damutzen egindakoaz. Gaur egun, bera zen pertsona horrekin oso kontent zegoela, eta behar izan dituela bizitzan egindako akats sartze guztiak gaur den hori izateko. Gustatu egin zitzaidan bere pentsaera, izan ere, gertatutakotik ikasten badugu, ez dago zertan damuturik, egoera bakoitzak eman digulako bere ikasketa.