“Bedeinkatua Zu, Jauna, emakume sortu ez nauzulako».
Ez naiz aurreko esaldia osatzera ausartzen. Saiatu naiz, baina ezin. Berari paragrafo osoa eskaintzea otu zait azkenik, eroso sentitu dadin bere buruaz hitz egiten digun bitartean. Izan ere, zazpi hitz horiei tiraka, kontatzen denaren iragana, oraina eta geroa uler ditzake irakurleak, pertsonaiei aurpegi bat jarri; mikroipuin bat bailitzan. Indartsua da hitz horietako bakoitza bere bakardadean, krudela taldea osatzen duenean; sinestezina eta historia bezain egiazkoa, biak aldi berean.
Ikaragarria da Internetek dohainik irakurtzeko eskaintzen duen liburu-sorta. Badakit ezagutuko duzuela dagoeneko, baina nik duela egun gutxi egin dut proba lehenengo aldiz, eta oraindik ilusioa dut zainetan. Dohainik denaren erotasun horrek bultzatuta urte oso batean ere irakurriko ez dudan liburu pila deskargatu ditut dagoeneko. “Edozein liburu topa daiteke”, pentsatu dut une batez; Simone de Beauvoir-en Bigarren sexua liburua bilatzeko saiakera egin dudan arte. Antza salduenek lekua kendu diete klasikoei.
Izan daiteke klasiko hitzak bere barnean zaharkitu adjektiboa eramatea, liburuan kontatzen dena egungo errealitatetik urrun geratzea, alegia, eta jendeak zailtasunak izatea bertan kontatzen denarekin identifikatzeko. Izan ere, aipatutako liburua 1948 eta 1949 urteen bitartean idatzia izan zen. Baina antzinako garai bateko orri hauetan murgildurik, duela urte batzuk mutil batekin feminismoaz izandako elkarrizketa bat etorri zait gogora. Hark, mugimendu honen gehiegikeriak salatzeko asmoz, bere lagun batek egindako laburmetrai bat jarri zidan adibide modura.
Liburu zaharkituak hitz egiten du dagoeneko auzi honen inguruan, gizon askok emakumearen gainetik sentitzeko duten beharraz eta auto-estimu faltaz. Ez al dute ba esaten hori dela tratu txarren arrazoi nagusia?
Xake partida bat zen eszenaren erdigunea, honen inguruan gizonezko bat eta emakumezko bat jolasteko prest. Lehenengoak traje bat zeraman soinean, bigarrena biluzik zegoen. Partidak aurrera egin ahala, emakumea gizonari aurreratu zitzaion eta jaten zion pieza bakoitzeko gizonak jantzi bat eman behar zion emakumeari. Azkenean, gizonak biluzik bukatzen zuen emakumea gizonez jantzi zedin. Hori ei zen irakaspena. Baina ez da berria.
Liburu zaharkituak hitz egiten du dagoeneko auzi horren inguruan, gizon askok emakumearen gainetik sentitzeko duten beharraz eta auto-estimu faltaz, alegia. Ez al dute ba esaten hori dela tratu txarren arrazoi nagusiena? Badirudi, hortaz, garai hartatik banantzen gaituzten hamarkadak ez direla nahikoa izan arazoa desagerrarazteko.
Egunerokotasuna galdu ez duen beste gai bat: emakumeak kalean lan egitea lortu arren, etxeko lanek bere ardura izaten jarraitzen dute. Horrek egoera oso gogorretara eramaten ditu emakume asko. Arazoak irtenbide bi ditu: gizon eta emakumeek etxeko lanak partekatzea —zorionak horrela funtzionatzen duten bikote horiei guztiei— edo bietako bat etxean geratzea —emaitzak ehunekotan ematerik ez daukadan arren imajina dezakezue panorama—.
Simone de Beauvoirrek aipatzen dituen gai guztien artean hau berreskuratu nahi dut egun bizi dugun krisiaren ondorioz berriro indarra hartzen ari dela iruditzen zaidalako. Lan egoera kaskarraren aurrean hainbat emakumeri entzun diot gizonaren soldatatik bizi eta etxeko lanez arduratzea aukerarik hoberena izango dela. Baina planteamendu horrek zalantza bat sorrarazten dit: non geratzen dira ametsak? Batzuetan iruditzen zait krisi madarikatu hau gu guztion ametsez elikatu eta imagina ezin dezakegun munstro erraldoi eta itsusi bat bihurtzen ari dela.
Artikulua judutarren goizeko otoitzeko esaldi batekin hasi dut, sinestezina eta historia bezain egiazkoa. Erne ibili behar dugu, deskuiduan esaldi horretara eramango gaituen atzerapausorik eman ez dezagun, eta borrokatu, ametsak armatzat hartuz, beste hau errealitate bihurtzeko: “Bedeinkatua Zu, Jauna, emakume sortu nauzulako”.