
Iazko madalenetako kartela
Aurtengo madalenetako hiru hilabete pasatxo falta diren honetan, kartela egiteko deialdia egin du Errenteriako Udalak. Kartelak nahiz CDa entregatzeko maiatzaren 17ra arteko epea jarri du, 14:00ak baino lehen. Irabazleak 1.050 euroko saria eramango du.
Lanak DIN A3 formatuan aurkeztu beharko dira, koloretan, eta egurrezko txapa edo beste material zurrun baten gainean muntatuak. Horrez gain, lanaren irudia ere entregatu beharko da CD batean. Horrekin batera, Madalenak 2013 Kartel Lehiaketa eta lanaren izenburua jartzen duen kartazal itxi baten barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta lanaren izenburua azaldu beharko dira.
Egileek aukera izango dute lan bat baino gehiago aurkezteko, baina beti originalak izan beharko dute, lehenago argitaratu gabeak.
Epaimahaia maiatzaren 24ean elkartuko da kartela hautatzeko.