'Txinpart' aldizkariaren 55. alea, kalean
Haurtzaro Ikastolako Txinpart aldizkariaren 55. alea kaleratu berri dute. Bost ataletan, azken hilabeteetan hauetan ikasleek egindako irteerak, idazlanak, Inauteriak… bildu dituzte bertan.
Haurtzaro Informatzen atala da lehena. Bertan, ikasleek egindako ekimenak bildu dituzte, besteak beste: Udal Ikastola Partzuergoaren berri, Eskola Agenda 21, Jakiunde, ibilaldiak eta ekintzak…
Euskararen Txokoa dator gero. Korrika da protagonista, Eskuttun Euskara Elkartearekin eta Kuadrillategirekin batera.
Hatzak bete lan atala da hirugarrena. Lehen Hezkuntzatik hasi, eta mailaz mailako lanak bildu dituzte: odol emaileen elkartekoen bisita, irakurritako liburuei buruzko iritziak, hiesari buruzko informazioa, berotegi efektua, atez atekoa, Mikel Laboaren gaineko idatzia…
Erdialdeko orrialdeak dira koloretsuenak. Bertan, aurtengo Inauterietako argazkiak bildu dituzte.
Laugarren atalean, ikasleek kazetari papera hartzen dute: Gu ere kazetari izena du. Bertan, bi ikasle ohi elkarrizketatu dituzte: Goiatz Labandibar idatzi duen lehen liburuaren harira, eta Jexux Olaziregi Korrikaren Oarsoaldeko koordinatzailea. Garbiñe Merino pedagogoa ikastolan aritzen da hezkuntza afektibo sexualeko jardunaldiak ematen, eta bera ere galdekatu dute. Azkenik, Esperientzia Eskolari buruzko artikulua dago.
Hiruhilabeteko aldizkaria bukatzeko, Nahaste Borraste atalean denborapasak bildu dituzte. Eta batxiller berrien argazkia ere jarri dute azken orrian.