Irungo Uztapide Bertsolaria kalea berrantolatuko dute
Irungo Udalak jakinarazi du astelehenean hasiko dituztela Uztapide Bertsolaria kalea berritzeko eta berrantolatzeko lanak. Eguzkitza eta Toki Alai ikastetxeetara doazen autobusen jarduna hobetzea izango da obra horien asmo nagusiena, eta horretarako kalearen zeharkako sekzioa aldatuko dute. Izan ere, Eguzkitza haur hezkuntzako ikastetxe berria iaz inauguratu zutenetik, bertara eta Toki Alaira doazen autobusek bide luzeagoa egin behar dute, eta horri irtenbidea emateko egingo dituzte lanak. Larreaundi Auzo Elkarteak eta ikastetxeek egin zioten udalari eskaera autobusen bidea errazteko neurriak har zitzala.
Hala, autobusarentzako bidearen zabalera 3,15 metrokoa izan da orain arte, eta hori 3,50era zabalduko dute. Hori egiteko ondoko espaloi bat estutuko dute. Lanak Urbycolan SL enpresak egingo ditu, 54.697,05 euroko aurrekontuarekin. Lau asteko epea du enpresa horrek obra burutzeko.