Altuna eta Kerejeta, azalpenak ematen
Bidasoko Suhiltzaile Parkeak Hondarribiko Alde Zaharrerako Emergentzia Plan berria aurkeztu zuen aste santuarekin, “herriko irisgarritasuna, segurtasuna eta larrialdietarako neurriak hobetzeko”. Hainbat eremuetan eragiten du baina, nabarmenena, aparkatzeko lekuetan izango da. Izan ere, orain ibilgailuak uzteko erabiltzen diren zenbait lekuetan ezingo da aurrerantzean aparkatu. Horri erantzunez, udalak Minasoroetan aparkaleku bat egokituko du, Eroski supermerkatuaren parean dagoena zabalduz.
Martxoaren 25ean emandako prentsaurrekoan eman zituzten emergentzia plan berriaren azalpenak Aitor Kerejeta alkateak eta Juan Mari Altuna Zerbitzu eta Hiritarren Segurtasunerako zinegotziak. “Bidasoko Suhiltzaileek adierazi digute haien kamioi batzuk ezin direla zenbait gunetara iritsi, eta ondorioz gaia oso larria dela, eta berehala eman behar zaiola konponbidea; hortaz, eremu horretara iritsi ahal izateko, eta erantzuneko denbora murrizte aldera, zenbait aldaketa egin behar dira trafikoan. Aldaketa horiek guztiak Harresi Elkartearekin kontrastatu ditugu, eta joan den astean eman dugu horien berri Alde Zaharreko bizilagunekin egindako zenbait bileratan” azaldu zuen alkateak.
Kerejetak nabarmendu zuenez, Hirigune Historikoko trafikoa “eremu horretako bizilagunentzat eta baimendutako ibilgailuentzat bakarrik” irekiko dute eta Udaltzaingoaren esku geratuko da beste erabiltzaileentzako baimen bereziak ematea: “familia kontuengatik joan behar dutenentzat, zama lanetarako, hoteletako bezeroentzat…” Gainera, Kale Nagusian, San Nikolas kalean, Apezpiku kalean eta Fraxkueneko Murruan ezingo da gehiago aparkatu, eta Barruko San Nikolas Arkua trafikorako itxiko dute.
Alde Zaharrean barrena ibilgailuek egiten duten ibilbidea ere aldatuko da eta honela geratuko da: Javier Ugarte, Santiago Konpostela, Bordari, Uria Harresia, Denda Kalea, Juan de Laborda, eta irteera Javier Ugartetik. Beste kale hauetatik ere zirkulatzeko aukera izango da, beti ere aparkatu gabe: General Leiba, Murrua, Kale Nagusia eta San Nikolas.
Aparkaleku berria Minasoroetan
Galdutako aparkatzeko lekuengatik, udalak Eroski parean dagoen aparkalekuaren ondoan beste bat egokituko du, Minasoroetan. “Egungo 55 aparkalekuez gain beste 65 izango dira”, adierazi zuen Altunak eta gehitu zuen Alde Zaharra ez dagoela prestatuta egun jasotzen duen ibilgailu kopurua jasotzeko: “Irisbideak kontrolatzeko kamera bat jarriko da Javier Ugarte kalean, eta matrikulak antzemateko informatika bidezko kontrol bat izango du; sistema horrek Alde Zaharrean erroldatutako eta sartzeko baimena duten ibilgailuak gordeko ditu. Egun egunero 1.576 ibilgailu sartzen dira; Alde Zaharrean 979 ibilgailu daude erregistratuta, eta 155 aparkaleku daude. 1.576 ibilgailuetatik %,50 Alde Zaharrekoak dira, % 17,30 Hondarribikoak, eta % 57,50 kanpokoak. Kopuru horiek murriztu behar ditugu, izan ere eremu hori ez dago kopuru horretarako prestatua, eta are gutxiago larrialdi egoeretan”.
Kerejetak jakinarazi zuenez, hurrengo asteetan jarraituko dute bizilagun zein bisitariei emergentzia planaren eta ekarriko dituen aldaketen berri ematen.