Iazko abenduan, Arditurriko meategietan lanean aritu ziren txondorgileei eskerrak eman dizkie udalak. Horretarako, oroigarri bana eman die. “Joxe Billaluze eta Joxe Manuel Etxarte bolondreski aritu ziren garai bateko ikazkinen jarduna berreskuratzen eta astebetez txondorra piztuta mantentzeko lanetan, herritarrek ikusteko aukera izan zezaten”, gogorarazi du udalak.
Egindako lana errekonozituz, udalaren izenean Asier Legorburu Kultura zinegotziak eta Kristina Brit OTASAko kudeatzaileak koadro bana erregalatu diete, txondorra egiten ari ziren bitartean ateratako argazkiekin osatua.
Erdian, Joxe Billaluze eta Joxe Manuel Etxarte
Aurten ere ikazkinen lana berreskuratzeko eta gizarteratzeko Arditurrin txondorra piztu nahi du udalak abenduan. Dagoeneko prestaketa lanetan hasi da.