Lur Gorriz aritzeko Hirigintza Batzordea deitzeko eskatu dio oposizioak alkateari
Hondarribiko Udalean oposizioa osatzen duten lau alderdiek (Bildu, PSE, H1 eta PP) Lur Gorriko auzotarrek dituzten arazoez eztabaidatzeko Hirigintza Batzordea deitzea eskatu dute. Komunikabideei bidalitako ohar batean azaltzen dutenez, Lur Gorriko biztanleekin elkartu dira eta Hirigintza Batzordea biltzeko beharra adostu dute, baita “alkateari lidergoa eskatzeko”. Martxoko osoko bilkuraren aurretik auzotarren ordezkaritza batek hitza hartu zuen udaletxeko areto nagusian eta haien aldarrikapenen berri eman zieten hautetsiei, baina ordutik ezer egin ez dela kritikatu dute oposizioko lau alderdiek: “Batzuk dira auzoak aspalditik pairatzen dituen arazoak. Auzokide eta alderdien iritziz, alkateak ezin izan du edo ez du jakin horiei egoki aurre egiten, beti ere konpetentzi ezberdinen aitzakipean”, diote prentsa oharrean.
Horregatik, Aitor Kerejeta alkateari gaiari heltzeko eskatzen diote eta Hirigintza Batzordea deitzeko: “Hondarribiko herritarrak diren aldetik, euren aldarrikapenak alkatearen lidergopean behar luketeela uste dugu oposizioko alderdiok”.