Oarsoaldean langabezia jaitsi da, baina igo Bidasoan
Otsailaren azken egunetik martxoaren 31erako tartean 84 pertsonatan jaitsi da langabezia Oarsoaldean, eta 29tan igo Bidasoan. Hala, denera, 5.818 pertsona daude lanik gabe Oarsoaldean (%16,9ko tasa) eta 6.549 Bidasoan (%17,8). Hortaz, bi eskualdeen artean, 12.367 lagun daude langabezian. Iazko martxoaren 31n 5.226 langabe zeuden Oarsoaldean (%14,8) eta 6.044 Bidasoan (%15,6).
Gipuzkoan langabezia tasarik altuena duten eskualdeak dira Bidasoa eta Oarsoaldea, hurrenkera horretan. Zerrenda horretan hirugarrena Urumea-Oria bailara da, %15,5eko tasarekin. Aldiz, herrialdean langabe gutxien Debagoienan (%12,6) eta Urola-Kostan (%13,2) daude. Gipuzkoan 50.299 pertsona daude lanik gabe (%14,8), otsailaren 28an baino 173 gutxiago.