Hondarribia Arraun Elkarteak Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Liga irabazteko beste urrats bat eman zuen martxoaren 24an Orion egin zen seigarren jardunaldian. Hondarribia Arraun Elkarteko ordezkaritzak garaipena lortu zuen kadeteetan eta gazteetan, eta bigarren postuan geratu zen haurren, helduen eta beteranoen mailetan. Banaka, zortzi garaipen lortu zituzten hondarribiarrek: haurren nesken laukoan, kadeteen mutilen banako, lauko eta zortzikoan, kadeteen nesken zortzikoan, gazteen mutilen biko eta laukoan, eta helduen laukoan. Sailkapen nagusian, beteranoetan ezik, beste maila guztietan Hondarribiko taldea doa aurretik.
Haurren Mailan Santiagotarrak kirol taldeko ontziek lortu zituzten puntu gehien eta sailkapen orokorrean Hondarribiak duen aldea 26 puntutan txikitzea lortu zuten. Sei jardunaldietatik bakarrean irabazi dute hondarribiarrek, lehenean, baina erregularrenak izan dira eta horrek lidergoa eman die, orain artean behintzat.
Kadeteetan eta Gazteetan herriko arraunlarien nagusitasuna erabatekoa da. Proba guztietan nagusitu dira eta sailkapenean bigarrenarekiko duten aldea oso handia da. Bietan ala bietan mila puntuko aldea galdu beharko lukete gutxi gorabehera liga amaieran txapela ez janzteko.
Haurren Mailan bezala, Helduen Mailan Santiagotarrak nagusitu zen ligako azken proban. Nagusietan, ontzi gutxi lehiatu ziren eta, esaterako, puntu gehien ematen duen zortzikoaren probarik ez zen egon. Nolanahi ere, berdeak sailkapenaren goiko postuan daude eta ez dirudi geratzen diren bost jardunaldietan inork leku hori kenduko dienik.
Beteranoen maila da hondarribiarrek menderatzen ez duten bakarra. San Juan da nagusi beteranoetan. Bost probetatik hirutan besterik ez dira izan baina hiruretan erraz nagusitu dira pasaitarrak. Hondarribia hirugarren da, bigarren Donostia Arraun taldetik oso gertu.
Hurrengo proba, zazpigarrena, hilaren 13an izango da, Orion ere.
Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Liga. Sailkapen nagusia
Haurren Maila
- Hondarribia. 1071 puntu.
- Santiagotarrak. 1024 puntu.
- Orio. 835 puntu.
Kadeteen Maila
- Hondarribia. 2516 puntu.
- Santiagotarrak. 1598 puntu.
- Orio. 655 puntu.
Gazteen Maila
- Hondarribia. 1527 puntu.
- Ur Kirolak. 522 puntu.
- Santiagotarrak. 498 puntu.
Helduen Maila
- Hondarribia. 751 puntu.
- Orio. 522 puntu.
- Santiagotarrak. 492 puntu.
Beteranoen Maila
- San Juan. 86 puntu.
- Donostia A. L. 36 puntu.
- Hondarribia. 32 puntu.