Hondarribia-Irunek mailari eutsi dio eta datorren denboraldia prestatzen hasi da
Emakumeen Ligan jokatzen duen Hondarribia-Irun saskibaloi taldeak mailari eutsi ahal izan dio, osta-osta izan bada ere. Larunbatean Rivas liderrarekin galdu zuen Hondartza kiroldegian (47-70), baina atzetik dituen bi taldeek ere huts egin zuten. Azkenaurreko jardunaldian Iruñeako Obenasaren kantxan lortutako puntuei esker datorren denboraldian maila gorenean jarraituko du Hondarribiko taldeak eta Conquero izan da jaitsi den taldea.
Iruñean lortutako garaipen horri esker, liga erregularreko azken jardunaldiaren aurretik azken hirugarren postuan ziren hondarribiarrak, Conquerok eta Bembibrek baino garaipen bat gehiagorekin, baina average txarragoarekin. Gainera, jaitsierako postu bakarrerako hiru hautagaien artean Hondarribia-Irunek zeukan partida zailena, Rivas liderrarekin. Gauzak horrela, azken biek haien partidak irabaziz gero, ziurrenik herriko taldeak agur esan beharko lioke mailari, bigarren itzulian izan duen plantilla motzarekin liderra garaitzea miraria bailitzateke.
Baina drama izan zitekeena festa bilakatu zen larunbat eguerdian Conquerok etxean galdu zuela jakin zenean (Cadirekin, 58-64). Bembibrek ere galdu zuen (61-70, Perfumerias Avenidaren kontra), baina bien arteko average-a alde zuten leondarrek eta Conquero izan da Emakumeen Liga 2ra jaitsi den taldea.
Minutuak banatu
Hondarribia-Irunek bere partida galdu zuen Rivas liderrarekin, nabarmen gainera (47-70), baina azken asteetako presioaren ondoren eta denboraldiko helburua beteta zutela kontuan hartuta, burua beste nonbaiten izatea barkatu behar zaie Aitor Uriondok entrenatzen dituen neskei. Gutxiago jokatzen duten jokalariei minutuak eman zizkien Uriondok eta hori probestu zuen Rivasek garaipen erraza lortzeko. Neguko merkatuan fitxatu zutenetik ia astebururo egin duen bezala Italee Lucas eskolta izan zen taldeko onena, 11 puntu eta lau errebote pilatuta.
Liga amaituta, datorren denboraldia prestatzeko unea iritsi zaie Txingudi Saskibaloia taldeko arduradunei. Klubeko egoera ekonomikoa ez da koheteak botatzeko modukoa baina Lucas eskolta eta Mandisa Stevenson pibota taldean jarraitzea bilatu beharko lukete. Aldiz, Sonia Borgesek ez du eskatzen zitzaiona eman eta portugaldarra ordezkatuko lukeen pibot indartsu bat lortzen saiatuko dira taldean. Horrekin batera, Gabonetan Sonia Igueravide baseak utzitako hutsunea betetzeko unea iritsi zaie taldeko mandatariei.
Hori guztia lortzea ez dute lan erraza izango baina argi dagoena zera da, orain taldeak duen jokalari kopuruarekin ezingo direla aritu, aurten mailari eutsi badiote lehen itzulian lortutako garaipenei esker izan delako, hain zuzen ere, Igueravidek, Lindsay Harrisek eta Sandrine Nzeukouk taldea utzi baino lehen lortutakoak.