Hendaiako urpekaritza eta arraun zentroa egiten hasi dira
Herriko Etxeak jakinarazi du urpekaritza eta arraun zentro berria egiteko lanak gaur hasi direla. Itsas Zentroaren ondoan egingo dute kirol azpiegitura, Txingudiko Badia etorbidean. Lanek 1,4 milioi euroko aurrekontua dute (bide, sare eta beste gastu batzuk kanpo), eta 2014ko udaberrirako bukatu nahi dituzte.
Hiru eraikinetan egongo da banatuta zentroa: arraunketarako gunea, urpekaritza zentroa, eta konpresore gela. Hiruen artean erabiltzaileentzat tarte bat izango da, eta beste gune bat izango da itsasora iristeko. 80 autorentzako aparkalekua ere egingo dute, eta bertara joateko egungo pasabidea berrituko dute, hiru metroko espaloia eginez.