Espezie inbaditzaileak kenduko dituzte Errenteria-Oreretan
Errenteriako Udalak enpresa bat kontratu du herrian dauden espezie inbaditzaileak kentzeko. Guztira, 12.500 euro bideratu ditu mota horretako espezieak kentzeko. Udalak gogorarazi du espezie horiek eragin handia dutela ingurumenean zein ekonomian: “Ekosistemak ordezkatu eta bertako espezieak desagerrarazten dituzte, espezie exotikoek harrapakaririk ez dutenez, oso populazio ugari eta erasotzaileak baitituzte”.
Adibide batzuk ematearren, animalietan hainbat espezie inbaditzaile aurki daitezkeela gogorarazi du udalak: koipua, bisoi amerikarra, urre-arraina, ibai karramarro amerikarra, Floridako dortoka… Landareen artean, berriz, sasi akazia, Panpako luma mototsa eta Japoniako banbua aipatu ditu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, denera, mota horretako 527 espezie daudela jakinarazi du, 478 landare eta 49 animali.
Liburuxka
Udalak, gainera, liburuxka bat argitaratu du flora exotiko inbaditzaileak zeintzuk diren, Errenteria-Oreretako auzoetan nola banatzen diren, eta aldundi nahiz Eusko Jaurlaritzaren ekintza lerroak zeintzuk diren zehaztuz. Hain zuzen, udalak “espezie exotiko inbaditzaileen aurka modu bateratuan eraginkortasun handiagoz jarduteko” lantalde batean parte hartzen du beste hainbat udal, aldundi eta Jaurlaritzarekin batera.