David Zapirain: "Izena eta izana"
Izena duena da. Jakina. Askotan gure izenetan islatzen gara. Batzuetan guk geuk aukeratzen ditugu izenak. Eta horien bidez islatzen ditugu gure nahiak. Edo gure nortasuna. Beste batzuetan, aldiz, ez dakigu oso ondo zeinek ezartzen digun izena. Oraingo honetan bezala. Oraingo honetan, hara non ikastetxe bati “Blas de Lezo” izena eman dioten Pasaian. Falangistek herriko kale bati nola, dena delakoak orain Nautikari hala.
Ez jakintasun galanta edo hegemonia ideologiko ultra. Edo bietan errotuta. Pentsatzekoa da Kolonbiako zein Espainia cañí eta olé-zaleak pozik izango direla. Inongo gobernu delegaturik ez du salaketarik jarriko. Eta Savater intelektual handia pozik izango da: berak eskatu eta eman.
Bada, irakaskuntza zentro bati tamainako izena ematea erridikulua da. Are gehiago: Lezoko familiako Blasek ez zuen inoiz ezer egin Pasaiaren alde. Ez zuen inolako protagonismoa izan gurean. Aita, aitona edo ondorengoek bai. Hura, ez. Zer dela eta izen hori eskola bati? Estrategia militarra erakatsi behar al dute orain? Halakorik beharko Somalian arrantza egiteko agian?
Udalak bultzatu dituen ikerketei esker, Pasaian baditugu izen soberan gure iraganetik ekarrita gure etorkizunera begiratzeko. Duintasunez begiratzeko esan nahi nuen.
Hola, di-da batean:
Selma Huxley: Kanadan euskaldunen arrastoa topatu zuena
Enrique Moreno: Bou Nabarraren komandantea
Ciriaco Iñigo Ezkurra: Pasaiatarrek ikaskeka nautikoak burutzeko beka bat sortu zuena udaletxean.
Ferrer familia (nautika aurreko jauregiaren jabeak), Rober Etxeberri Salinas sendikoak (Flandriatik etorritakoak eta premua sortu zutena bertan), eraikinaren arkitektoa… nahi adina.
Blas de Lezo deitzea, ordea, zer da? Gutxienez iraina. Pasaiatarrok eskubidea dugu gure ikur propioak izateko, guretzat esanguratsu direnak. Eta haien bidez munduan agertzeko ere bai.
Horregatik, udalari eskatu nahiko nioke bere esku dagoen guztia egitea okurrentzia hau aldatzeko. Eta hori eska diezaiola izen hau erabaki duenari.