Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak eta Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek Motxian Eby mezu lehiaketa abian jarri dute. Aurretik Oarsoaldean SMS bidez egiten zen lehiaren jarraipena da bi eskualdeetako euskara zerbitzuek abian jarri dutena, eta gainera, sare sozialetako hainbat plataformatara zabaldu dute, Facebook, Twitter, edo WhatsApp-era, esaterako. Hala, plataforma horietan prestatu behar dituzten euskarrietara (beheko zerrendan daude) 140 karaktereko (gehienez) mezua bidali behar dute parte hartu behar dutenek, baina galdera bati erantzuna emanez:
Mezu bat jaso duzu: “zmz atzokoa?”.
Bi eskualdeetako 12-16 adin tarteko gazteengana dago zuzenduta lehiaketa, eta hilaren 21era arte bidal daitezke mezuak arestian ikus ahalko diren euskarrietara. Maiatzaren 2an emango dituzte sariak Perurena auzoan, Oarsoaldea eta Buruntzaldea eskualdeen arteko mugan, hain zuzen.
DATUAK
- Parte hartzeko baldintza: 12 eta 16 adin tarteko gazteentzako lehiaketa da. Mezuak derrigor euskarazkoak izan behar du, 140 karakterekoa gehienez.
- Mezuak nora bidali: SMSak eta WhatsApp-k, 608 955 602 telefono zenbakira; posta elektronikoak, motxianeby[a bildua]gmail.com helbidera; sare sozialen bidez: Buruntzaldea Euskaraz eta Oarsoarrak Facebook-eko eta Twitter-eko helbideetan, eta Tuentin, Motxian Eby-n.
- Sariak: eskualde bakoitzeko irabazleak 200 euroko erosketa txartela jasoko du, bere eskualdeko dendetan gastatzeko. Gainera, eskualde bakoitzean 60 euroko beste bosna erosketa txartel banatuko dituzte gainontzeko finalisten artean (eskualde bakoitzean sei finalista izango dira, hortaz).
- Epeak: mezuak jada bidal daitezke, hilaren 21era arte. Sarien banaketa maiatzaren 2an egingo dute, 19:00etan, Perurenan.