Pasaia Zero Zabor: "Hondakinek ez lukete zertan zabor izan behar"
Azken boladan hiri hondakinen gaia gehitxo desitxuratu eta sinplifikatu da, funtsik gabeko zurrumurruak eta zaratak mami gutxiko mezuekin josten dira baina… hondakin asko sortzen ditugu eta nahasita botatzen ditugulako zabortegiak zaborrez gainezka dauzkagu.
Natur baliabideak edo lehengaiak agortzen ari gara etengabe. Kontsumo eredu konpultsiboak eta egungo eredu linealak (ekoiztu, kontsumitu, bota) arazoaren jatorrira garamatza ezinbestean. Diagnosi honekin denok bat gatoz. Nola askatu bada korapiloa? Ostrukarena eginez? Ez! Arazoa ezin dugu ezkutatu edo betikotu (errausketa bezalako sasi-konponbideen bidez).
Konponbideak, iraunkorra eta eraginkorra behar du. Konponbidearen giltzarria, gakoa, lagunok, geuk herritarrok daukagu (eragileek, administrazioak, etab.). Guztion kontzientziazio, konpromiso eta arduraz beti ere, udalek eta mankomunitateek, erabaki egokiak eta ausartak hartuz, eta herritarrok gure eguneroko ohitura sinple batzuk aldatuz, arazoaren norabidea konponbide egokian jarriko dugu.
Hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko betebeharra dugu. Birziklatzea ezin da borondatezko ekintza izan, kutsatzea ere eskubideen atalean sartu behar ote dugu?
Zabortegi eta errauste planta kutsakorrek ez dute lekurik eraiki nahi dugun gizarte honetan. Beraz, bidea urratzea dagokigu. Herritarroi etxean sortzen dugun hondakina jatorrian bereiztea dagokigu.
Udalei, berriz, hondakin horiek atez ate gaika biltzeko sistema martxan jartzea dagokie, eta Pasaiako Udalak zentzu horretan urratsa eman du.
Urrats zintzoa, ausarta eta, arduratsua iruditu zaigu, konpromisoaren norabidean emandakoa.
Hondakinak aberastasun diren heinean, hauek berreskuratzea dagokigu.
Pasaia Zero Zaborretik Pasaiako Udalaren erabaki hau babestu eta txalotu nahi dugu.
Iñaki Lertxundi eta Markos Sistiaga. Pasaia Zero Zabor taldearen izenean.