Jaime Altuna: "Izurdeak elurretan korrika"
Joan den astean izurde talde bat Hondarribiko hondartzara iritsi zen. Iluntzen ari zen eta euria hasi zuen, baina ez genuen bi aldiz pentsatu, haurrekin batera hondartzara hurbildu ginen. Udan jolasean aritzen garen uretan izurdeak igerian ikustea magikoa suertatu zitzaigun.
Handik bi egunera elurra egin zuen. Ez zuen kaleak zuritzeko adina egin, baina poztu ginen. Elurrak ere nolabaiteko magia dakar berarekin. Mendiak elurtuta ikustea eta bertara hurbiltzea, elurrarekin jolastea, polita da, baina egunero zeharkatzen ditugun kaleak eta plazak zuri-zuri ikustea ezuste atsegina da. Halako gertaerak eguneroko bizitzaren estresari, ezbeharrei, berri txarrei, monotoniari aurre egiteko opariak dira. Izurdeak saltoka ikusteak edo elurrezko panpina etxe ondoan egiteak emozio berezia sortzen digu, eguneroko ordena gainditzen dutelako.
Aurreko ostegunetik Euskal Herrian barna beste opari bat dabil eskuz esku eta bidez bide emozioak sortzen: Korrika. Andoaindik abiatu zenetik pasatzen den herri guztietan jende ugarik sentitu du ekimen honen indarra. Duela 25 urte Teresa del Valle antropologoak, bi urtean behin ospatzen den erritu honek duen indarra azaldu nahian, azterketa sinbolikoa egin zuen. Hainbat elementu garrantzitsu topatu zituen: tradizioa eta modernitatea, lurraldetasuna, mugak gainditzea… Baina batez ere, Korrikaren bi elementu azpimarratu zituen: talde izaera eta mugimendua. Korrikak talde izaera indartzen du gertuko errealitatean txertatuz eta erantzun espontaneoa sortuz. Gainera, korrika eginez hizkuntzaren izaera dinamikoa azpimarratzen da. Korrika ez da geratzen. Lekukoa herriz herri dabil, eskuz esku.
Gauza bera gertatzen da euskararekin, ez du etenik. Denboran eta espazioan transmititzen da belaunaldiz belaunaldi. Izan ere, Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, euskararen egiazko misterioa ez da jatorria, iraupena baizik.
Zailtasunen aurrean taldean mugitzeak indarra ematen du. Euskarak bizirauteko dituen arazoei aurre egiteko, taldean korrika egitea zailtasunak konpondu daitezkeela sentitzen da. Horretan datza Korrikaren izaera magikoak. Denborak gainditzen du, bizitzen dugun unea gainditzen du. Korrika kontrolatu ezin den indarra da.
Izurdeak tarteka itzuliko dira gure hondartzetara, baita elurra ere gure mendi eta kaleetara. Baina bihar gure herrietara itzuliko dena Korrika izango da, bere mugimendu eta indar guztiarekin. Oarsoaldean eta Bidasoan ordu txikietan igaroko da Korrika baina heldu, gazte eta haur asko hor izango gara bere magiaz gozatzen eta euskararen misterioa bizitzen eta elkarri ematen.
Ez eduki zalantzarik, etxeko txikiekin batera atera zaitez kalera eta elkarrekin sentitu Korrikaren emozioa. Nork daki! Agian, gau ilunean izurdeak elurretan korrika ikusteko aukera izango duzue.