Arantxa Urbe: "Euskara eman eta jasoz, Korrika"
Nork eman dit euskara niri? Nori eman ote diot, nik?
Gure etxean, amak eman zigun euskara. Eta euskaraz entzun genituen lehen hitz haiekin ia batera, haien espainoleko baliokideak entzun genituen. Izan ere, guretzat, etxeko hizkuntzak bi izan baitira: euskara eta espainola.
Hazten joan ginen heinean, bi hizkuntzekin bizitzen ikasi genuen. Amak euskara eman zigun; eta aitak espainola eman zigun arren, ez zigun euskara kendu: euskaraz bizitzen utzi zigun.
Bien bitartean, hurbil, parez pare esateko, gure haur begietara artean aitona zen Koldo Mitxelena bizi zen. Goiko kalean ikusten genuen aitona luze eta argal hura ezezaguna zen orduan guretzat. Gutxi igarriko genion, urteek urdindutako buru hartan, zer nolako burutazioak bizi ziren. “Euskararen misterioa ez da bere jatorria, bere biziraupena baizik”, esan zuen behin Mitxelenak.
Nago, gurean, misterioa —euskara etxeko hizkuntza gisa bizirautearena—, euskara emana izateaz gain, kendua ez izanean datzala.
Gure etxeko hizkuntza gorabeherak buruan, Messi —Barçako futbol jokalaria, bai—, urteko zein hilabetetan jaioa zen galdetu zidaten: arrastorik ez, noski. Meritu handia izan zen, sikiera, zein taldeko jokalaria den jakin izana!
Azaldu zidaten ikerketa bat egin dutela munduko futbol jokalari hoberenak urteko zein sasoietan jaioak diren jakiteko. Barçako, Real Madrileko, Liverpooleko, Bayer Municheko eta horien mailako futbol taldeetako jokalari gehienak urtarriletik ekainera bitartean jaiotakoak omen. Ateratako ondorioa da, jokalariak dakarren gaitasunak soilik ez direla erabakigarriak bere arrakastan. Horren parean dagoela, edo horren gainetik, jokalari horrek zenbat partida jokatu dituen. Txikitan, zaharrenak gehiagotan jartzen dituzte partidak jokatzen, nonbait.
Beste ikerketa bat aipatu didate segidan, gure haurrekin egindakoa: jatorrizko hiztunak 5 urte dituenerako, 18.000 ordu jardun du etxeko hizkuntzan. Etxetik euskara dakarrenean, ordu horiek dira, beraz, euskaraz egin dituenak.
Etxetik euskara ez dakarren haurrak, ordea, murgiltze ereduan 3.500 orduz jardungo du euskaraz adin horretarako. Futbol jokalarien kontuarekin alderatuz, euskara bigarren, hirugarren edo auskalo zenbagarren hizkuntza duten haur horiek ez dute euskaraz gaizki hitz egingo, besteen aldean duten jardun ordu kopuruaren arabera ezin dute ongi hitz egin: hizkuntza eraikitzen ari dira.
Korrika eskualdera hurbiltzen ari da 18. aldiz, entzun daiteke ia oihartzuna. Haren mezuan irakurri dut euskara Unescoren hizkuntza gutxituen atlasean dagoela. “Hizkuntza bizia den arren, ahula dela bere egoera eta oso kezkagarria lurralde batzuetan. Dakienak ikasi nahi duenari irakatsi, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera eman, agintariek herritar orori ikasteko bideak erraztu… denok dugu zeresana eta zeregina. Euskara denona da eta denontzat izan behar du: kohesiorako lehengaia eta tresna”.
Eusko Jaurlaritzak Hizkuntza politikarako aurrekontua %9 jaitsi nahi du 2013rako. Nafarroa Garaian eta Beherean, Lapurdin eta Zuberoan aurrekontuak hutsaren hurrengoak izango dira, beste behin. Hizkuntza gutxitua emateko neurri xelebrea, zinez.
Eskerrak eman dizkie AEK-k euskara eman duten guztiei. Nik, batez ere, amari eman behar dizkiot euskara eman digulako, baina baita aitari ere kendu ez digulako.
Prest ditut zapatilak igandeko ordu txikitarako… Eman euskara elkarri: tipi-tapa korrika! Nori eman diezaioket euskara nik? Aurrera, partidak jokatzera, ahalik eta gehienak!