
Irundarrek gertu izan zuten lehen postua
Joan den asteburuan Espainiako Slalom Kopako lehen proba egin zuten Bidasoa ibaian, Irungo San Migel eremuan. Antolatzaile izan zen Santiagotarrak taldeak bigarren geratu zen, Donostiko Atletico San Sebastianen atzetik eta Lleidako Cadiren aurretik. Banakako jardunean, Ander Elosegik erraz menderatu zituen aurkariak C1ean.
Larunbatean haize handia zegoen baina proba guztiak normaltasunez burutu ziren. Santiagotarrakek eskarmentua handia du goi mailako txapelketak antolatzen eta, lan handia egin eta gero, kirolariek ez zuten arazorik eduki ibilbideko ateekin eta sailkapenetan ez zen ezustekorik izan. Lau talde indartsuenek, Atletico San Sebastian eta Santiagotarrak, Euskal Herritik, eta Cadi eta Mig Segre, Kataluniatik, piraguista onenak sailkatu zituzten iganderako.
Larunbateko jardunaren ondoren ez zegoen faborito argirik: C1ean etxeko taldea ageri zen indartsuena bezala, K1ean Cadi eta donostiarrak, C2an Mig Segrekoak eta K1ean lau taldeak oso parekatuta zeuden. Modalitate eta adin bakoitzeko 20 kirolari sailkatu ziren iganderako.
Igandean eguraldia hobea zen, euria ari zuelako baina haizea baretu zelako. Aurrena finalerdiak egin zituzten eta, larunbatean bezala, faborito guztiak sartu ziren hamarreko finaletan. Hori bai, Santiagotarrak bereziki ondo aritu zen eta Espainiako Kopako lehen proba etxean geratuko zela zirudien. Mutilen kaiakean zein kanoan lehen postuak lortu zituzten irundarrek, helduen mailan. C1ean, gainera, lehen hiru denborak beraienak izan ziren finalerdian.
Elosegi nagusi C-1ean
Baina finalean ezin izan zuten nagusitasun hori berretsi eta Donostiako taldeak aurrea hartu zien taldekako sailkapenean. C1ean Ander Elosegi irundarrak irabazi zuen eta bere taldekide David Perez gaztea hirugarren sartu zen. Zilarra Jon Erguin donostiarrarentzat izan zen; Elosegik baino bi segundu gehiago behar izan zituen selekzioko kide den donostiarrak. Nonbait, Arabia Saudin egindako entrenamenduak ondo etorri zaizkio irundarrari eta sasoiko dagoela erakutsi zuen larunbat eta igandean San Migel eremuan.
Kaiakean, katalanak izan ziren indartsuenak. Banakoan, Marc Domenjo sailkatu zen lehen postuan, Telmo Olazabal irundarraren aurretik. Eta C2an Mig Segreko bikoak lortu zuen denborarik onena.
Nesketan, Atletico San Sebastianek K-1ean aurkaririk ez duela erakutsi zuen. Maialen Chorrautek ez zuen parte hartu baina taldeko bigarrenak, Meritxel Rodrigezek lortu zuen urrea. Eta C1ean Nuria Villarrubiak garaipena eman zion Cadiri, heldu diren joko olinpikoetan debuta egin dezakeen modalitatean —oraindik neskak ez dira kanoan lehiatzen—.

Taldekako podioko irudia
Kopa irabazteko faboritorik ez
Bistan denez, ez dago faborito argirik Espainiako Kopa irabazteko, egun batetik bestera gauzak alda daitezkeelako. Izan ere, finalerdian Santiagotarrak nagusi izan zen bezala, finalaren ondoren osta-osta eutsi zion bigarren postuari.
Apirilaren 6an egingo da Espainiako Slalom Kopako bigarren txapelketa, Padronen (A Coruña, Galizia). Irunen bezala, talde eta modalitate bakoitzeko bigarren eta hirugarren gizon eta emakumeek pilatzen dituzten puntuek zehaztuko dute garaipena zein talderentzat izango den.
Sailkapena taldeka:
- Atletico San Sebastian. 683 puntu.
- Santiagotarrak. 504 puntu.
- Cadi. 494 puntu.