Oiartzungo Hirigintza Plan Orokorra jendaurrean jarri dute
Atzoko udalbatzarrean, Hirigintza Plan Orokorra jendaurrean jartzea onartu zuten Bilduko zinegotziek. EAJ abstenitu egin zen, “dokumentua ulertzeko zaila” dela argudiatuta, eta H1ek kontra bozkatu zuen. Bilduk jakinarazi zuenez, orain onartu dena ekainera arte jendaurrean jartzea da, izan ere, behin-behineko proposamena da. Gero egin beharko da behin betiko onartzeko bidea. Ekainera bitarte, “gaia herritarrekin lantzeko parte-hartze programa berezia martxan jarriko du udalak, auzoetan eta eragileekin”.
Datozen urteetan Oiartzungo garapen urbanistikoa zehazten du Plan Orokorrak, “eta orain arteko arau subsidiarioen bi dokumentuak bateratzeaz gain, garatu gabe zeuden eremuetarako proposamena egiten du”, gogorarazi du udalak.
Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneak Oiartzuarron Baitan proiektua garatzen jarraitzeko 39.200 euroko laguntza jasotzea onartu zuten zinegotzi guztiek beste puntu batean. Hala, “oiartzueraren ahozko ondarea jasotzen segitzeko” aukera izango du Ttur-tturrek.
Ramon Zulaikaren lanak, udalaren esku
Udalbatzarrean, Ramon Zulaikaren liburu funtsa udalari uzteko hitzarmena onartu zuten, bestetik, aho batez. Pirkko Viljanen Zulaika zenaren alargunarekin adostu dute hitzarmena. Oihan Tello alkateordeak eskerrak eman zizkion familiari, funts hori udalaren esku uzteagatik. 10.000 liburu inguruk —Zulaikaren lanak eta haren liburuak— osatzen dute bilduma hori.
Garbitaniako akzio batzuk Astigarragarentzat
Garbitania Zero Zabor SL enpresan Oiartzungo Udalak dituen 33 akzio Astigarrako udalari saltzea ere onartu zuten. EAJk eta H1k kontra bozkatu zuten. H1eko Xanet Arozenak, beste behin, “informazio” eskatu zion udalari. Tellok erantzun zion, esanez, informazioa Garbitanian eskatuz gero, eskura izango duela, “inolako arazorik gabe”.
Gai zerrendatik kanpo, Garbitaniarekin zerikusia duen beste gai bat ere landu zuten. Enpresak kapitala handituko du, baina Oiartzungo Udalak akzioak erosteko lehentasunari uko egin zion, bilduren aldeko botoekin (EAJ abstenitu egin zen, eta H1k kontra bozkatu zuen).
2012ko likidazioaren berri ere eman zitzaion udalbatzarrari. 2012. urtea 600.000 euroko defizitarekin bukatu du udalak, “aurreikuspenak baino zertxobait hobeto”. Udalaren zorra zerora berdintzeko, “egindako plan ekonomikoa aurreikusi bezala ari da garatzen”, udalak zehaztu duenez.
Protokolo gastuen berri ere eman zuten udalbatzarrean: martxoan ez da protokolo gasturik izan.