Kabia proiektuaren gastuak landuko dituzte gaurko plenoan
Aste Santua dela eta, gaurko egunera aurreratu dute martxoko udalbatzarra Errenteria-Oreretan. 18:30ean hasiko da. Gehienbat tramiteak izango dituzte mahai gainean zinegotziek, baina puntuetako batean, zazpigarrenean, Kabia proiektuak eragindako gastuei buruz PSE-EEk egindako galderei erantzuna emango diete.
Otsaileko osoko bilkurako akta onartu eta ebazpenak jakinarazi ostean, gainontzeko puntuak honakoak izango dira: hirugarrena, 2012ko aurrekontuen likidazioaren berri ematea; laugarrenean, udalak 2012ko abenduaren 31n eman zituen Ondasun eta Eskubideen Inbentarioaren zuzenketa onartzea; eta bosgarrenean, Jesusen Bihotza Adinekoen Egoitzako lanpostu zerrenda onartzea; seigarrenean, udaletxeko lanpostu bati atxikitutako berariazko osagarria aldatzea. Azkenik, galdera eta eskarien atalari tarte bat egingo diote.