
Duela bi urte bezala, herriko txikiek euskararen alde lasterka egingo dute
Bi urtean behin delako, euskararen alde egiteko aukera dutelako, eta nagusiena baino lehenago beraiena delako, bihar munduko ilusio handienrekin joango dira eskolara Hondarribiko haurrek, Korrika Txikiaren eguna delako. 11:00etatik 12:30era herriko Haur Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek lasterka erakutsiko dute hizkuntzarekiko konpromisoa eta ibilbidean zehar ozen abestuko dituzte azken asteetan geletan ikasitako leloak.
Arma Plazan hasiko da Korrika Txikiaren ibilbidea, 11:00etan, eta honako ibilbidea egingo du: San Nikolas, Juan Laborda, Javier Ugarte San Kristobal, Bernat Etxepare, Matxin Artzu, San Kristobal, San Pedro eta Santiago kalea. Amaieran, korrikaren festa egingo dute Pisuzarra plazatxoan eta, bertan, ikastetxe bakoitzeko ordezkariek euskararen aldeko mezuak irakurriko dituzte.