Topaketa Errunikoak bertan behera geratzea deitoratu du PSE-EEk
Aste Santuan egitekoak ziren Topaketa Errunikoak ez dira aurten egingo, eta Errenteriako PSE-EEk horiek bertan behera geratu izana deitoratu du. “Gazteen turismoaren mapan” kokatuta zeudela esan du Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileak, eta kalte ekonomikoa “agerikoa” dela: “Aste Santuan Errenteriara ongi pasatzera etortzen ziren 700 lagunak jada ez dira etorriko”.
Sei hilabete “nahikoa” direla esan du Rodriguezek, ekitaldi hori egiteko baimena lortzeko: “Denbora nahikoa zen, eragozpenak eragozpen, erabakiak hartu eta aliantza nahiz konplizitateak lortu ahal izateko ekitaldi hori herrian egingo zela bermatzeko”.
Gobernu taldeak “folkloretik atera eta egunean egoteko aukera” galdu duela esan du Rodriguezek. Horrekin batera, gaineratu du gaurtik aurrera lan egin behar duela 2014ko Topaketa Errunikoak bermatzeko. Izan ere, horiek “herriak gaurdaino zuen erreferentzia” izan direla iritzi dio.