Duela bi urteko 80. postua berdindu nahi dute irundarrek
Santiagotarrak Kirol Elkarteko aulki mugikorreko helduen zortzikoak parte hartuko du larunbatean Londreseko Tamesis ibaian egingo den Head of the River proban. Laugarrenez lehiatuko dira irundarrak Oxford-Cambridge estropadaren kontrako ibilbidean egiten den proban. Beste urte batzuetan Hondarribiko zortzikoa ere joan izan da Londresera baina aurten ez joatea erabaki dute. Hondarribia Arraun Elkartetik adierazi dutenez, “krisiak ezinezkoa egiten du” berdeak Ingalaterrara joatea. Oriotarrak ere ez doaz eta, hala, irundarrena izango da Head of the River lasterketan parte hartuko duen Gipuzkoako ontzi bakarra. 12:45ean hasiko da lehiaketa.
1926an egin zuten lehen aldiz Head of the river proba. Denborarekin, garrantzia hartu du eta geroz eta gehiago dira Tamesis ibaian lehiatzera hurbiltzen diren ontziak. Guztira 420 ontzi ariko dira larunbatean, eta horietatik 60 atzerrikoak izango dira, tartean Irungo Santiagotarrak taldearena.
Ehun onenen artean sartzea helburu
Duela bi urte 80. postua lortu zuten irundarrek eta hori hobetu nahiko lukete. Nolanahi ere, onartu dute lehen ehunen artean sartzearekin kontent itzuliko direla etxera: “Orain arteko estropadetan eta entrenamenduetan gustura ibili gara, taldea motibazioz ondo dago eta lan polita egitera goaz. Ontzi asko dira eta edozein hutsak sailkapenean atzera bidaltzen zaitu. Kontzentratuta irten eta entrenamenduetan bezala bogatuz gero, helburutik gertu izango gara”, esan du Iñaki Peña entrenatzaileak.
Honakoek osatzen dute Londresera bidaiatu duen taldea:
- Arraunlariak: Ander Recarte, Antxon Gonzalez, Mikel Aragon, Benoit Ordoki, David Sevine, Iñigo Aragon, Lionel Sarasola, Borja Portos, Maria Perez (lemazaina), Edu Iguiñiz eta Alain Partido.
- Entrenatzailea: Iñaki Peña.