
Nestor Basterretxearen ehun lanetik gora hartuko ditu ostiraletik hasita eta uztailaren 7ra bitartean Irungo Menchu Gal aretoak. Erakusketa aurkezteko agerraldia egin dute gaur goizean Jose Antonio Santano alkateak, Belen Sierra Kultura zinegotziak, Carlos Ruiz Kutxako Gizarte Ekintzako Zuzendariak eta Nestor Basterretxea artistak berak.
Artistaren ehundik gora lan aukeratu dituzte erakusketarako, tartean Hondarribiko Idurmendieta baserrian jasota duen “artxibo pertsonaleko lanak” ere bildu dituztela azaldu dute antolatzaileek. Bi gunetan banatu dute erakusketa, areto txikiak hartu du Miszelanea izenekoa. Basterretxeak 1970 eta 2013 urteen artean egindako hainbat eskultura proiketu, herri lan eta argazki muntaiak bildu dituzte. Gela nagusian berriz, Amets Utopikoa izenarekin artistaren industria diseinuak bildu dituzte. “Bi sorkuntza aldiren emaitza dira areto honetan ikusi daitezkeen lanak”, azaldu dute antolatzaileek.
Irunen emandako urteak gogoan
Irungo erakusketa, “Irunera itzultzea bezalakoa” dela esan du Basterretxeak, “bertan hamahiru urte eman nituen Jorge Oteizarekin batera bizitzen eta oso zoriontsu izan nintzen”. Gaurko agerraldian, Gaur taldearen ordezkari sentitzen zela esan du Basterretxeak halaber, “euskal artean kontzientzia berria sortzeko adorea izan zuen taldeak”. 89 urterekin, oraindik orain sorkuntzan jarraitzen duela erakutsi du, aurten egin, eta erakusketara eraman dituen lanekin.
Erakusketa etzi, ostirala, inauguratuko dute 19:00etan, eta uztailaren 7ra arte izango da zabalik ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.