"Herri gisa erabakitzeko eskubidearen alde" manifestaziora deitu du Irungo Bilduk
Bihar, hilak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna da eta horren haritik, “aniztasunetik ere”, larunbatean egingo den manifestaziora joateko deia luzatu die herritarrei Irungo Bilduk, “herri gisa erabakitzeko eskubidearen alde”. Ficoba erakustazokatik abiatuko da manifestazioa, 17:00etan.
Irungo EH Bilduk nabarmendu duenez, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra lan egiten jarraitzeko eta herritar guztiei aukera berdintasuna zein ezberdintasun eskubidea bermatzeko konpromisoa berresten du. “Irunen, EH Bilduk lanean jarraitu du gure herriko eta Euskal Herriko jatorri eta kultura aniztasuna balore positibo gisa onartua izan eta jendarte kohesio elementu bilaka dadin; bizikidetza bultzatzeko eta errazteko elkarren aitortzan eta errespetuan oinarritutako politikak sustatua, gipuzkoar bakar batek ere bere nortasunari uko egin behar ez diezaion eskubide osoko herritarra izateko”, adierazi du Irungo EH Bilduk.
Euren determinazioari “eutsi” egingo diotela azaldu du, bi alorretan, hain zuzen ere: “Batetik, aldarrikatzeko eta gauzatzeko gure jatorri, aniztasun, migrazio eta naziotasun politika propioak Euskal Herrian bizi garen guztion artean, edozein dela gure jatorria, nola kudeatu nahi ditugun erabakitzeko eta definitzeko dugun eskubidea. Eta bestetik, estatu espainolari zein frantsesari eskatzeko herri gisa hartutako erabakiak, arlo honetan ere, errespeta ditzaten.