
Atzo aurkeztu zuten Beraungo Pablo Sorozabal plazan Errenteria-Oreretako Sorturen Herri Kontseilua. Kontseilu horrek hiru ardatz izango dituela adierazi zuen Agus Canok taldearen izenean: masa borroka, borroka ideologikoa eta borroka instituzionala. Horrez gain, beste azpitalde batzuk ere landuko dituzte: gazteak, langile mugimendua, presoak, feminismoa eta Errenteria-Orereta herri handia izanik, baita auzo eta herri ikuspegia ere.
Lan multzo bakoitzarekin lantaldeak osatzen joango da Sortu. Oraingoz, horien arduradunak nortzuk izango diren jakinarazi dute. Imanol Zubizarreta (irakaslea, 30 urte) izango da masa borrokaren arduraduna; Iban Iza (irakaslea, 38 urte) borroka ideologikokoa; eta Itsasne Alvarez de Eulate (langilea, 28 urte) borroka instituzionalekoa. Gazteen aurpegia, berriz, Maialen Viaña (ikaslea, 22 urte) izango da; langile mugimendukoa, Jabier Sanz
Tordo (langilea, 55 urte); presoena, Manu Ugartemendia (langilea, 55 urte); arlo feministakoa Aurkene Astibia (irakaslea, 50 urte). Auzo eta herri ikuspegia, berriz, Julen Mendoza (abokatua, 34 urte) eta Jose Angel Martinezek (langilea, 53 urte) landuko dute. Antolakuntza eta komunikazioaren arloan, Haizea Iriarte (administraria, 32 urte), Beñat Irasuegi (informatikaria, 35 urte) eta Cano (irakaslea, 51 urte) ariko dira.
Canok gogorarazi zuen ezker abertzaleak “urte luzeak” egin dituela ilegalizazio egoeran, “baina egoera hori aldatzea” lortu duela. Bide horretan “arazo eta kontraesanak” izan direla azaldu zuen, eta “aurrerantzean ere” ez direla faltako, baina “eztabaida eta lan militateari esker uste osoa” daukatela: “Azken hilabeteetako eztabaida prozesuaren ondorioz, egitura politiko berri bat sortzen ari gara, ezker abertzalearen estrategia berrituarekin bat eginez eta hori garatzeko”.
Hain zuzen, azaroan hasi ziren lehen bilerak egiten, eta otsailaren 16an osatu zuten herri kontseilua. Hala ere, aurkezpen festa ekainaren 1ean egingo duela aurreratu zuen Canok.
Bitartean eta aurrerantzean “politika egiteko beste modu bat” egingo dutela esan zuen: “Politika militantziatik ulertzen dugu, gure ideiekin konprometituta baikaude”. Horrez gain, elkarlanerako prest azaldu da Sortu, eta herriko beste alderdi, sindikatu nahiz bestelako eragileekin elkartzeko asmoa duela jakinarazi zuen Canok.
Helburu orokorra “Euskal Estatu independentea, sozialista, feminista eta euskalduna” dela zehaztu zuen.