Jaietan parekidetasuna sustatzeko logo lehiaketa antolatu dute
Oarsoaldeko lau udalek I. Logo Lehiaketa antolatu dute jaietan parekidetasuna lortzeari begira. Jai giroan parekidetasuna egokien agertzen duen logoa hautatuko dute hainbat euskarritan jartzeko: kamisetetan, banderatxoetan, orratzetan…
Honako elementu hauek kontuan hartuko dituzte logoak aukeratzerako garaian: aniztasunaren aldeko errespetua, emakumeen parte hartzea sustatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko elkartasuna bultzatzea eta denentzako gozagarria den jai giroa aldarrikatzea.
Lanak apirilaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira, Errenteria-Oreretako, Lezoko, Oiartzungo edo Pasaiako udal erregistroetan. Lehiaketaren irabazleak 400 euroko saria jasoko du. Horrez gain, eskualdeko lehen hamar lanek saria jasoko dute: 18 urtetik gorakoetan lehen bostek musika kontzertu edo antzezlan bat ikusteko bina sarrera, eta 18 urtetik beherako lehen bost lanek zinemarako bina sarrera.
Epaimahaia Oarsoaldeko udaletako lau ordezkarik osatuko dute, eta horiekin batera herri bakoitzeko emakume taldeetako lau kidek.
Lanak teknika librean aurkeztu ahal izango dira, eta JPG edo TIFFean egon beharko dute. Gutxieneko bereizmena 300 pppkoa izan beharko du. Partaide bakoitzak lan bat baino gehiago aurkeztu ahal izango du. Logoak gutun azal itxi batean aurkeztu beharko dira, eta barruan beste gutun azal itxi batean zehaztu beharko dira izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa eta telefono zenbakia.