Irunviren erregistroan sartzeko urtebetera pasa dute erroldatuta egoteko baldintza
Irunvi Irungo Udaleko babes publikoko etxebizitzen erregistroan sartu ahal izateko baldintzak aldatu dituzte eta hemendik aurrera hirian gutxienez urtebete erroldatuta daramaten pertsonek erregistroan sartzeko aukera izango dute. Dena den, azken bost urteak Irunen erroldatuta daramaten pertsonek edo azken 20 urtetan gutxienez hamar urte erroldatuta egon direnek lehentasuna izango dute Irunvik egiten dituen zozketetan.
Atzo onartu zuen Irunviren Administrazio Kontseiluak babes publikoko etxebizitzaren eskatzaileen erregistroa arautzen duen erregelamendua. “Erregelamendu horren helburua erregistro hori arautzea da, erregistro horretan sartzeko eskatzen diren baldintzei nahiz erregistro horren funtzionamenduari eta esleitzeko prozedurei begira”, azaldu dute udaletik.