Urtero bezala, aurten ere euskara eskolak antolatu dituzte Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta Udalak, herriko merkatari eta ostalarientzat. Apirilaren 8tik ekainaren 21era iraungo du ikastaroak, astean ordu eta erdiko bi saiorekin. Langile horiek izaten dituzten ordutegiak aintzat hartuta, ez dute zehaztu ikastaroen ordutegirik oraindik: “Guk eguerditan egitea proposatzen dugu, merkatari eta ostalarientzat ordutegi aproposena dela iruditzen zaigulako. Baina ez dago erabakita, interesa azaltzen dutenen arabera zehaztuko dugu ordutegia”.
Euskaraz zertxobait badakitenei zuzendutakoa izango da ikastaroa, “bezeroekin ohiko elkarrizketa euskaraz izaten” ikasteko. Izena ematen dutenek, maila zehazteko proba egin beharko dute. Prezioa 50 eurokoa izango da, baina %85eko asistentzia betez gero, udalak %70era arte itzuliko die ikasleei.
Martxoaren 27ra arte
Izena emateko interesa dutenek, hilaren 27a izango dute apuntatzeko azken eguna. Horretarako Fermiñene etxeko bigarren solairutik pasatu daitezke, 943 26 01 82 zenbakira deitu, edo
tturttur.oiartzun@gmail.com helbidera idatzi.
Merkatariak eta ostalariak izena ematera animatu dituzte, eta bezeroak, aurreko horiei euskara ikasteko animoak ematera: “Ziur gaude, bezeroek euskara ikasteko ahalegina eskertuko dutela. Bestalde, merkatari eta ostalariei adierazi nahi diegu, zerbitzua euskaraz eskainiz gero, horren kalitatea hobetzen dutela (hizkuntzaren kudeaketa kalitate irizpide bat gehiago baita). Bezeroengan ere eragin nahi dugu, horiek euren merkatari edo ostalaria euskara ikastera animatzeko. Bide hau baita merkatari eta ostalariak animatzeko modurik eraginkorrena”.