Aste Santutik aurrera ia denetik egiteko aukera izango da badian
Itsas arloan lan egiten duten turismo arloko erakunde publiko eta pribatuek indarrak bateratu dituzte gure kostaldeak eskaintzen duen aberastasuna bisitarien eskura jartzeko. Badiako eskaintza zabala jasotzen duen
Hondarribia-Irun, itsaso zabalak beste aukera goiburuko liburuxka bat argitaratu dute eta datozen asteetan eskualdera etorriko diren bisitarien artean banatuko dute, baita arloko azoka espezializatuetara eraman ere. Itsas turismoko eskualdeko enpresetako arduradunek jakinarazi zutenez, Aste Santurako hainbat ekitaldi prestatu dituzte, herritarrei zein oporraldian Irun eta Hondarribira hurbilduko direnei begira.
Gaur goizean etorkizuneko asmoen berri eman dute itsas ibilaldiak egiten dituen Higer katamaranean, eta bertan izan dira erakunde publiko zein pribatuen ordezkariak. Lehenengoen izenean, Migel Angel Paez Bidasoa Bizirikeko presidenteak azaldu zuen itsas arloko kolaborazioa Turismo Mahaian duela abiapuntua: “Bertan, itsas arloko enpresek elkarrekin koordinatzeko eta tokiko administrazioen bultzadaren beharra agertu zuten”. Bi urte eta erdiko lanaren ondoren, “itsas arloko plan estrategikoa” prestatu dute.
Paezek nabarmendu zuenez, Bidasoa estuarioan 11 mikroenpresek egiten dute itsas arloko turismoan lana, enpresa txikiak edo egitura familiarrekoak dira, baina 60 pertsonei ematen diete lana, horietatik erdia urtarokoak dira, batez ere udan lan egiten dutenak. Paezen ustez, erakunde publikoak eta pribatuak eskutik joatea garrantzia handikoa da: “Elkarrekin gure gabeziak hobetu eta Bidasoa eskualdeko enpresak Euskadiko puntakoak izaten laguntzeko aukera izango dugu”. Ibaiaren beste aldean hori aspaldi egiten dutela eta haietatik asko ikasi dezaketela aitortu du eta, “eskualdeak duen erakargarritasunagatik, urteko 365 egunetan destino turistiko izatea” lortu behar dela gaineratu du.
Indar ekonomikoari bultzada
Hondarribiko udala ordezkatuz, Juan Maria Altuna zinegotziak adierazi zuenez Bidasoako badiak “turismorako ezin konta ahala aukera” eskaintzen ditu eta eskerrak eman dizkie goizean bildutakoei elkarrekin lanean hasteagatik: “Lehendik bazen lan bat, baina askotan bakoitza bere aldetik ibiltzen da eta lortu duguna zera da, denak bateratuta joatea, plan estrategiko bat abiatu eta gure badia ezagutarazteko eta gure indar ekonomikoari bultzada emateko”.
Hondarribiko udaleko arloko ordezkariak estuarioan ia denetik egin daitekeela nabarmendu du: “Katamaran batean nabigatu dezakegu lasai asko, badian barrena eta Jaizkibel mendiaren aberastasuna gozatuz panoramika desberdin batetik; Bidasoa ibaian ere ibil gaitezke piraguan, edo Kantauri itsasoa zeharkatu dezakegu belaontzi batean; Fraideen hondartzaren hondoan murgil gaitezke eta ur azpiko ekosistema oso bat deskubritu; SUP taula batean ibili edo Hendaiako ondoko hondartzako olatuekin ausartu”.
Aurrera begira sektore nautikoa bideratu eta prestakuntza ikastaroak abiatu nahi dituztela aurreratu du Altunak.
Irun-Hondarribiko itsas turismo arloa
Erakunde publikoak
- Bidasoa Bizirik
- Hondarribiko Udala
- Irungo Udala
- Euskadiko Kirol Portuak
Enpresa pribatuak
- Jolaski
- Navegavela
- Estatxa Zentro Nautikoa
- Buceo Hondarribia
- Uhingain Surf Eskola
- Hondarribi Sup Eskola
- Hondarribiko Klub Nautikoa
- Santiagotarrak Kirol Elkartea