Bake ponentzia aurrera ateratzeko borondatea behar dela esan du Mendozak
Julen Mendoza Errenteriako alkatearen iritziz, Eusko Legebiltzarrean lantzen ari diren bake ponentzia aurrera ateratzeko alderdien borondatea eta euren artean “konfiantza” lortzeko lana egitea izango dira gakoak. Adierazpen horiek Radio Euskadin gaur goizean egin dioten elkarrizketa batean egin ditu Mendozak.
Errenteria-Oreretan egindako Eraikiz ekimena izan da elkarrizketaren ardatza, eta Mendozaren arabera, Eraikizek lortutako arrakasta udalbatzarreko alderdi guztien elkarlanean aritzeko “uste osoarengatik” izan da. Zentzu horretan, “elkarrengan konfiantza lortzeko eta bestearen sufrimendura gerturatzeko prozesu bat” egin zutela jakinarazi du.
Jaurlaritzaren bake ponentziara bideratuta, konfiantza “maila pertsonalean” ere landu behar dela esan du, espazio komunak bilatu ahal izateko, euskal herritarren arteko elkarbizitza finkatzeko eta alderdien arteko normalizazioa lortzeko, “gorrotoan bizi eta geldirik egon beharrean”.
Era berean, Errenteriako Udalean “gertatu denaren gaineko adostasuna” lortzea espero duela esan du, “eta berriro ez gertatzeko oinarriak finkatzea”.