Zaharkinen Azoka jasoko du lehenengoz Ficobak
Hilaren 22,23 eta 24an Zaharkinen I. Azoka egingo dute Irungo Ficoban. Bertan, 40 bat postutan, aurreko mendeetako altzariak zein bitxiak eta liburuak ikusi eta erosi ahal izango dira. Curiosity Antic enpresak antolatu du azoka, eta nabarmendu dute “Espainiako Estatu osotik” etorritako galeristak izango direla Irunen.
Ostiraleko 17:00etan zabalduko dute gai zaharren mostra 21:00ak arte; larunbateko eta igandeko ordutegia 11:00etatik 21:00etara izango da. Sarrerak hiru euroko prezioa izango du, eta 12 urtera artekoak doan sartuko dira. Sarrera erosten duten guztiak zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute, eta 200 euroko saria jasoko dute irabazten badute, bertako postuetan baliatzeko. Antolatzaileek iragarri dute 3.000 bat bisitari espero dituztela.