Ostiraletik igandera egin dituzte Bideak Irekiz artisautza eta berritasun jardunaldiak Errenteria-Oreretan, eta Artiola elkarte antolatzailearen arabera, artisauak eta gainontzeko partaideak “oso gustura” geratu dira. Jone Idiazabal Artiolako kidearen esanetan, “gai interesgarriak eta beharrezkoak” landu direla jakinarazi diete.
Parte hartzea ere zabala izan dela esan du Idiazabalek, batik bat tamaina horretako ekitaldi bat lehenengo aldiz egiten zutela kontuan hartuta. Jende gehien bildu duten eguna larunbata izan da. Izan ere, egun osorako zituzten ekintzak prestatuta. Ostiralean, arratsaldez bakarrik egin zuten, eta atzo, berriz, goizez bakarrik. Gainera, Gipuzkoatik eta Euskal Herritik kanpoko jendea etorri dela kontuan izan behar dela gaineratu du, eta horregatik, eurek larunbata aprobetxatu zutela jardunaldietara azaltzeko.
Jardunaldien barruan, Kaikuen Diseinu Lehiaketako sariak eman zituzten, eta Marta Fernandez Donostiako bitxigilea eta bitxigintzako irakaslea izan zen irabazlea. “Oso pozik” zegoela azaldu du Idiazabalek. Diseinu lehiaketa hori bi urtean behin egiteko asmoa daukatela adierazi du Idiazabalek.