Hainbat kontzertu emango dituzte kontserbatorioko eta musika eskolako ikasleek
Ikasturteko bigarren hiruhilekoari bukaera emateko Udal Kontserbatorioko eta Musika Eskolako ikasleek hainbat kontzertu emango dituzte aste honetan Irungo zenbait tokitan.
Lehen hiru kontzertuak zahar egoitzetan emango dituzte: bihar Ama Xantalenen, etzi Inmakuladan eta etzidamu Caserren. Emanaldi horiek bertako kideentzako dira soilik.
Ostegunean, eta guztiei zuzenduta, Oinarrizko Mailako eta Maila Profesionaleko musika bandek Kontserbatorioko entzunaretoan joko dute, 19:00etan.
Ostiralean, beste hiru kontzertu emango dituzte eta horrekin zikloa itxiko dute. Txistuko ikasleek, Txistularien Udal Bandarekin batera, emanaldia eskainiko dute Kontserbatorioko entzunaretoan, 17:30ean. Gero, beste emanaldi bat izango da, oraingoan Hondarribiko Musika Eskolako ikasleekin trukean. Eta bukatzeko, beste truke baten ondorioz, Julio Bravok zuzentzen duen Musika Eskolako orkestrak Lezoko Gezala Auditoriumean joko du, 19:00etan.
73 kontzertu
Ikasturteko hirugarren eta azken hiruhilekoa hasi aurretik, 73 kontzertu eman ditu Irungo Kontserbatorioak. Horietatik 28 zentroko entzunaretoan eman ditu, beste hainbeste Irungo beste lekuetan eta 17 hiritik kanpo.