Elizalden ere euskara eman diote elkarri
Korrika 18 ostegunean hastekoa zela eta, Elizaldeko DBHn hainbat ekitaldi egin zituzten pasa den astean.
Xabier Etxeberria irakasleak gogorarazi duenez, “adira urte batzuk Hizkuntza Normalkuntza Proiektua dela eta, euskararen erabilpena sustatzeko hainbat hitzaldi, joko, jolas, eta abar prestatzen eta egiten direla ikastetxean”. Aurten, Korrikarekin lotuta, hainbat ekitaldi egin dituzte.
Batetik, Eman euskara elkarri kantaren bideoklipa grabatu dute batetik: “DBHko ikasleekin egin dugu, herriko hiru gunetan: ikastetxean, errebote plazan, eta Doneztebe plazan”.
Bestetik, asteazkenean, Korrikaren hasieraren bezperan, hitzaldiak izan zituzten ikasleek: “Oiartzungo hainbat hizlari izan ziren ikastetxean beraien bizipenak, euskararen inguruan, kontatzeko: Antton Mendizabal artista (3. eta 4. mailako ikasleei) eta Joseba Gurutz Ezeiza Kaxka (1. eta 2. mailako ikasleei), kasu; AEK elkarteko kideek Korrika beraren funtsa, helburuak… azaldu zizkieten 1. eta 2. mailako ikasleei; eta udaleko Miren Irigoien zinegotzia eta Aitziber Arnaiz Euskara teknikaria, 3. eta 4. mailako ikasleekin izan ziren, udalak euskara erabilpena bultzatzeko dituen ekimenak azaltzen eta Oiartzun herriko euskararen egoera azaltzen”. Eguna bukatzeko, ikasleek egindako hainbat bideo ikusi zituzten ikastetxeko pilotalekuan, “elurra tarteko”, Ander Lizarralde eta Zigor Iriondo bertsolarien bertsoez lagundurik.
Hurrengo larunbatean bukatuko dute ekimenekin, Korrikari dagokionez, “ikastetxeak erosi duen kilometroan parte hartuz eta lekukoa eramanez”.