Azken urteetako ohiturarekin hutsik egin gabe, Udaberriko Garbiketa egingo dute larunbatean Hendaian, CPIE Itsasbazterra erakundeak eta Hendaiako Herriko Etxeak antolatuta. Dozenaka boluntarioen laguntzarekin, 09:00etatik 12:00etara herriko itsas ertza garbituko dute, 11 taldetan banatuta. Garbiketa euskaraz egin nahi duenak Kaneta portuan izango du aukera.“Azken urteetako esperientzia arrakastatsuak eta garbitu behar diren bazterren luzetasuna kontutan harturik, 11 talde osatuko dira, Hendaiako itsas eta ibai bazterretako hamar kilometroetan banaturiko 10 bilgunetik abiatzeko”, argitu dute antolatzaileek.
Ekimena irekia da publiko guztiari eta nahi duenak nahi duen gunea garbitzen lagundu dezake: “Publikoa bilgune horietara 09:00etan tanko hurbiltzera gomitatua da eta honako hau da eraman behar duena: botak edo garbitu beharreko eremuarentzat egokiak diren oinetakoak, eskularruak eta gogo ona”. Euskararen Hilabetearen barruan, Kaneta portuan antolatuko den garbiketa euskaraz egingo da. Beraz, garbiketa euskaraz egin nahi dutenei Kanetako gunera joateko eskatu diete.
Gune bakoitzean profesional bat izango da, eta zer egin behar den azalduko die boluntarioei. 11:30ak arte mareak utzitako hondakinak jasoko dituzte eta, ondoren, jasotako guztia bateratu eta Itsas zentrora eramango dituzte. “Eko-boluntarioak ere Itsas zentrora hurbiltzera gomitatuak izanen dira, hondakinak sailkatzeko bereizketaren aholkulariaren laguntzarekin”, gaineratu dute.
Hendaiako Herriko Etxeak parte hartzaile guztiei Itsas Bazterraren Babesle Diploma emango die, eta zintzur-bustitze bat antolatuko du, indarrak berreskuratzeko. Parte hartzea libre da, baina antolakuntza errazteko, aldez aurretik izena ematea gomendatu dute CPIEko arduradunek. Telefonoz egin daiteke (0559 20 37 20 zenbakira deituta) edo
posta elektronikoz.
Garbiketa guneak
- Asporotsttipi baserria, Erlaitzeko bidean, Eskualduna kanpalekuaren pareko aparkalekuan.
- Larretxea baserria, Abbadia eremuan.
- Itsas etorbidea: l’Océan jatetxearen parean (Bidasoa Surf klubaren egoitzan).
- Itsas etorbidean Turismo Bulegoaren parean.
- Itsas etorbidea, talasoterapiaren sartzearen parean.
- Txingudi badia etorbidea, Itsas Zentroan.
- Txingudi badia etorbidea, behatokian, Jean Moulin biribilgunearen ondoan.
- Badiako ibilbidea, Beltzeniako zubiaren azpian, Pellot karrikaren bukaeran.
- Badiako ibilbidea, Kanetan, Portuko adiskideen elkartearen egoitzaren aitzinean. Gune hau euskaraz antolatuko da.
- Badiako ibilbidea: Intzurako pilotalekuan.
Laguntzaile batzuk
- Hendaiako Kostaldeko Sokorri kluba (hitzordua Asporotsttipiko aparkalekuan).
- Bordele Akitaniako Ekologista Gazteen elkartea (Larretxean).
- Amicale Laïque elkartea eta Hendaiako Bidasoa Surf Kluba (Bidasoa Surf Klubaren egoitzan).
- Hendaiako Portuaren Erabiltzaileen elkartea (talasoterapiaren sartzearen aitzinean).
- Tribord-eko langileak (Turismo Bulegoan).
- Endaika elkartea (behatokian).
- Haur eta Gazte animazio zerbitzuko gazteak (Beltzeniako zubiaren azpian).
- Haur eta Gazte Animazio Zerbitzuko animatzaileak (Intzurako pilotalekuan).