Oarsoaldea Garapen Agentziak,
Top Esperientziak: The Basque Experience liburuxka kaleratu du. Honela azaldu du, liburuxkaren izaera: “Gure lurraldea modu berezi batean ezagutu nahi duenarentzat, Oarsoaldea eskualdeak hamaika aukera eskaintzen ditu, eta Basquetour Eusko Jaurlaritzaren Turismo Agentziak Top Esperientzia bezala hautatu ditu gure eskualdeko 7 esperientzia”. Esperientzia horiek, honakoak dira:
- Balezaleen aztarnaren atzetik: Pasaiako Ondartxo itsas kulturaren zentroan munduko txalupa zaharrenen erreplikatik, orduko arropez jantzita eta garaiko janariak partekatuz, itsasoz bestaldeko istorioak entzungo ditugu, benetako XVI. Mendeko balezale baten moduan gozatuz.
- Euskal musika herrikoia: Oiartzungo Soinuenea museoan, euskal musika tradizionalaren mendeetako ondareaz disfrutatu dantzan, kantuan eta txalaparta, burrunak, txaramelak edota kainabera bezain tresna bitxiak ezagutuz eta joz.
- Edertasuna barruan dago, lurpeko Euskadi: Oiartzungo Arditurri meazuloetan barrena,erromatar garaietara eramango zaituen giro magikoan sartu. Argi eta soinu efektuekin apaindutako ibilbidean zehar meazuloak, putzuak eta gainerako sekretuak deskubrituko dituzu.
- Sagardoa eta itsasoa:Sagardoa eta itsasoaren arteko harreman estua ezagutzen duzu? Sagardoa nola egiten den ikasi eta menu tipikoa dastatuko duzu. Ondartxo ontziola tradizionala bisitatu eta Pasaiako badian zehar ibilbidea egiteko ontziratu, eta ehunka urte dituzten istorioez betetako txoko guztiez gozatuz.
- Sukaldaritza tradizionala tailerra: Pasai Donibaneko Ziaboga jatetxeko profesionalen eskutik bizi ezazu euskal gastronomia. Primerako lehengaiak erosten eta kozinatzen ikasiko duzu eta zuk zeuk prestatutakoaz gozatuko duzu.
- Txokolatearen sekretuak:Errenteriako Casa Aramendia tailerrean sartu, txokolateaz gozatu eta bukaeran dastatuko dituzun trufak eta piruletak egin ditzakezu, txokolatearen eboluzioa eta fabrikazioa ikasten duzun bitartean.
- Marinel eguna Pasaian: Arrantzale profesionalen moduan ibiliko zara. Mater atun-ontzian, arrantza-tresnak probatuko dituzu eta itsasoa zeharkatuko duzu harrapaketa hoberenaren bila. Are gehiago, Pasai Donibaneko alde zaharra, loja eta portua bisitatuko dituzu.
Esperientzia horiei esker, bisitariek Oarsoaldea beste modu batean deskubritzeko aukera izango dutela nabarmendu du garapen agentziak: “Gastronomia eta musikaren bidez edo itsasoko zein lurpeko bazterrak arakatuz. Gainera, helduen eta haurren neurrira egindako eguneko jarduerak dira hauek”.
Informazio gehiago eta liburuxka eskura
Liburuxka eskualdeko turismo bulegoetan eta
www.oarsoaldea-turismo.net web orrian eskura daiteke. Horrez gain, informazio gehiago nahi dutenek, honako telefono zenbakira deitu 943 49 45 21 edo honako helbide elektronikora idatzi dezakete
turismo@oarsoaldea.net.