150 lagun hurbildu dira Herrirak deituriko manifestaziora
Herrirak deituta Irun eta Hondarribiko 150 pertsona elkartu dira gaur eguerdian Irunen 197/2006 doktrina (
Parot doktrina bezala ezaguna) bertan behera uzteko eta zigorra beteta duten presoak aske utzi ditzaten eskatzeko. 12:00etan hasita, manifestazioa egin dute erdiguneko kaleetatik eta, ibilbidea bukatuta, Irungo Herri Bilguneko bi ordezkarik testu bat irakurri dute, euskaraz zein gazteleraz. Bertan, “bizi arteko zigorra” bertan behera uzteko eskatu dute eta aste honetan hil den Anjel Figeroa preso algortarra gogoan izan dute.
Datorren astean Estrasburgon Ines del Rioren auzia aztertuko dute. Uztailean Del Rio askatzeko galdegin zion Estrasburgok Espainiako Estatuari, baina Madrilgo gobernuak helegitea jarri zuen. Aztergai dagoena Tafallako presoaren auzia baldin bada, alde guztiek onartu dute Estrasburgoren azken ebazpenak eragina izango duela espetxe politikan.
Oarso Bidasoan Parok doktrina aplikatu dieten lau preso daudela gogorarazi dute gaurko protesta ekitaldian.
197/2006 doktrina aplikatuta duten Oarso Bidasoko presoak
IRUN
- Gabriel Zabala Erasun. Atxilotze urtea: 1993a. 20 urte daramatza preso. Doktrina aplikatua: 2012an. Kaleratze urtea, doktrina aplikatu ondoren: 2023a.
SAN PEDRO-TRINTXERPE
- Jon Ander Urkizu. Atxilotze urtea: 1986an. 27 urte daramatza preso. Doktrina aplikatua: 2007an. Kaleratze urtea, doktrina aplikatuta: 2016ko irailaren 20a.
ERRENTERIA-ORERETA
- Jokin Urain. Atxilotze urtea: 1986an. 27 urte daramatza espetxean. Doktrina aplikatua: 2009an. Kaleratze urtea, doktrina aplikatu ondoren: 2016ko urtarrilaren 10a.
- Juantxo Lasa Txikierdi. Atxilotze urtea: 1985an. 28 urte daramatza kartzelan. Doktrina aplikatua: 2012an. Kaleratze urtea, doktrina aplikatu ondoren: oraindik zehaztu gabe.